26 NOV. 2013 ANALISIA | BRASILGO SARI NAGUSIA «Cya mate!» Interlagoseko azken lasterketak eman zion amaiera 2013ko Munduko Txapelketari. Vettelen garaipenaz eta alemaniarrak lortutako balentriez gain, badira aztertzea merezi duten beste hainbat berri. Webberren agurra edo Massaren talde aldaketa, esaterako. XABIER ALZELAI PROBETAKO INGENIARIA 1Formulan sentimenduek ez dute tokirik. Massak ondo daki hori, 2008an txapelketak segundo bakarrean eskuetatik nola ihes egin zion ikusita. Lasterketa on bat egin nahi zuen oraingoan Ferrariri oparitzeko. Jasotako zigorra, nire ustez, ez zen zuzena izan. Beste batzuek modu errepikatuan gauza bera egin zuten, eta ez zegoen segurtasun arazorik. Ez zegoen Massa zigortu beharrik, Ferrariren bere azkenengo lasterketan eta bere etxean, gainera. Zigorragatik izan ez balitz, podiuma zapaldu ahalko zuen, Ferrariko gidarien arteko itun bati esker. Alonsok hitzemanda zeukan, bera 3. eta Massa 4. postuan egonez gero, lasterketa amaieran, asturiarrak pasatzen utziko ziola. Zoritxarrez, brasildarrarentzat ez zen aukera hori izan. Modu honetan amaitzen da Massaren 8 urteko Ferrariko ibilbidea, 11 garaipenekin, 15 pole position-ekin, guztira 36 podiumekin, tartean istripu oso gogor batekin eta gorabehera askorekin. Datorren urtean Williams-Mercedes bat gidatzen ikusiko dugu; Ferrari motore bat ez daraman 1 Formulako auto bat gidatuko du lehen aldiz. Brasilgo Sari Nagusia 2013ko txapelketako azkena izateaz gain, esanahi sakonagoa zekarren. Amaieren eta agurren asteburua izan da. Webber-ek 1 Formulari agur esan dio, 12 urte lehiatzen aritu ondoren, 215 Sari Nagusirekin, 9 garaipenekin bere bizkarrean eta bukatzeko 2. postu oso indartsu batekin. Irteera eskas baten ondorioz, Hamilton, Rosberg eta Alonso aurreratu behar izan zituen, lasterketa amaitu bitartean Vettelen erritmoari eusteko. Australiarrak itzuli azkarrena lortu zuen bere azken lasterketan, agurraren zaporea apur bat gozatzeko. Pilotu gutxi erretiratu dira 1 Formulatik modu horretan. Interlagosen 3. garaipen batekin agurtzea amestutako amaiera bat litzateke beretzat, baina 1 Formula sentimendu gabeko negozio bat da eta Vettel ez dago oparirik egiteko umorean. Azken urteak ez dira errazak izan australiarrarentzat. Vettel taldekide izateak higatuta utzi du gizona. Garbi dagoena da Vettelek ez duela faltan botako. Pasa den urteko Brasileko irteera biek izango zuten buruan, segur aski. Orduan Webberrek erasokor jokatu zuen Vetteli oso espazio gutxi utziz, alemaniarra txapelketa jokatzen ari zela jakinda. Ondorioz, Vettelek Sennaren aurka talka egin, eta atze-atzean gelditu zen. Webberrek bere burua honela deskribatu zuen 2010ean Silverstonen garaipena eskuratzean: «Ez dago gaizki bigarren pilotu batentzat». Bere orduko haserrea bere lehiakortasuna bezain zabala zen, eta RedBull talde barneko tentsioa bezain handia, Turkian izandako talkaren ondoren. Webberren aurreko hegala Vetteli emateko erabakia, nire ustez, talde batek inoiz hartutako erabaki okerrenetakoa izan zen. Publikoarekiko irudi negatiboa eman zuten. Vettel orduan behar bezain azkarra zen (beti izan da) inolako abantailarik gabe irabazteko. Ikusleriaren zati handi batek ez du oraindik orduko hura ahaztu; Webberrek, segur aski, ere ez. Orain Porschek sortu duen talde berrira doa, 2014an Le Mans-en garaipena lortzeko helburuarekin. Konpetizioaren mundua nahiko txikia da eta lehenago edo beranduago Vettel eta Webberren ibilbideak berriro elkartzea ez litzateke arraroa. Garbi esan behar dena hau da: Webberren agurra galera oso handia da RedBullentzat, Vettelentzat eta 1 Formularentzat, gidari eta gizon bezala izugarri eman diolako kirolari. Cya mate! («hurren arte, adiskide!», australiarren ohiko esamoldea). Vettelek 39. garaipena lortu du (bi gehiagorekin Sennaren marka berdinduko du), 9 lasterketa irabazi ditu jarraian eta, gainera, denboraldiko 13.a lortu du, Michael Schumacherren marka berdinduta. Hori ez du orain arte beste inork lortu. Horretaz gain, denboraldiaren irakurketa egiteko ordua da. Nahiko denboraldi entretenigarria izan dela esan daiteke, amaieran Vettelen nagusitasuna ukaezina izan den arren. Mercedesek denboraldi hasieran itzuli batera abiadura aparta erakutsi zuten. Esan beharra dago Bartzelonan sartutako gurpilen aldaketek Ferrari eta Mercedesi mesede gutxi egin ziela. Edozein kasutan, Mercedesen denboraldia aipagarria izan da, 3 garaipenekin (2 Rosbergek + 1 Hamiltonek), eta taldeen txapelketan 2. postua eskuratuta. Alonsok lortutako txapeldunordearen postuak ere badu meritu apur bat. Izan ere, Ferraria ez da 2. auto azkarrena, agian ezta 3.a ere. Denboraldia titulua lortzeko asmoz hasi zuten Maranellon. Bartzelonan egun on bat izan eta garaipena lortu zuten. Uztaila hilabete erabakigarria izan zen agian Ferrarirentzat; argi eta garbi RedBullek aurrea hartu zien. Silverstonen ez zituzten esperotako garaipenak jaso eta Nürburgring eta Budapesten sufritzea tokatu zitzaien. Litekeena da une hartatik aurrera taldearen eta Alonsoren arteko harremana zaildu izana. Automobilismoari buruz zerbait dakien eta asko estimatzen dudan norbaitek duela gutxi esan zidan: «Hitz egiten duzunean esandakoak inor ez badu molestatzen, ezer esan ez duzun seinale». Hitz egiten duenean gauzak esaten dituen horietako bat Villeneuve da. Elkarrizketa batean duela gutxi esan duenez, Alonsok Lotus bat gidatu izan balu, gaur txapelduna izango litzateke. Ez dakit horrenbesterainokoa den, baina Lotusa Ferraria baino azkarragoa dela esan daiteke. Datorren urtean Alonsok Kimi izango du taldekide; askok galdetzen diote elkarri, ea bikote horrek funtzionatuko duen, edo talde barneko tentsioak nagusituko diren. Erantzuna erraza da, nire ustez: autoa motela bada, ez da talde barnean arazorik izango, 6. edo 8. postuak ez du pilotu hauengan motibaziorik pizten. Autoa azkarra bada, Domenicalik lan handia izango du datorren urtean. Alonsok egindako azalpen honekin ez nago ados: RedBull datorren urtean aurten bezain indartsua izango dela, eta 2014ko titulua Vettelek eramango duela. Honekin bere porrota aldez aurretik justifikatu nahi du? Lasterketak irabazi nahi baditu, bere taldearekin duen portaera hobeto zaindu beharko luke.