30 NOV. 2013 TXOKOTIK Inpunitatea kabitzen ez den zoru etikoa Xabier Izaga Kazetaria Egunkari batean titulu hau irakurri nuen atzo: «Los etarras presos en Sevilla abandonan la huelga causante del rebrote de la kale borroka» (Sevillan preso dauden «etarrek» bertan behera utzi dute kale borroka berragertzea eragin duen gose greba). Hara «kontaketaren» eredu bikaina. Relato borobila. Preso horiek aspertuta zeuden, nonbait, eta ordena, kartzela eta mundu guztia izorratzeko jateari utzi zioten halako batean. Bizi baldintza negargarriak jasan beharrean daudela? Nork dio hori? Eurek, presoek. Eta «kontaketa» hori ezin da inondik inora onartu, horrelako egiak ez dira behar bezalako zoru etikoan kabitzen. Zenbait hedabidek Guardia Zibilaren txosten baten berri eman digute. Haren arabera, ETA Nafarroako hezkuntzan infiltratu da: D ereduko irakasleen ehuneko hogeita bostek ETArekin eta ezker abertzalearekin lotura dute. Ez ote dago frankismoarekin, gerra zikinarekin, torturarekin eta ustelkeriarekin lotura dutenen gaineko ikerketarik? Zer ehuneko agertuko lituzke txosten horrek PPko politikarien artean, PSOEkoen artean, epaileen artean, Polizian eta Guardia Zibilean eta Estatuko instituzio gehienetan? Baina ez, horrelako txostenik ez da beharrezkoa. Ez da beharrezkoa Lakuako Bake Planaren zoru etikoak, esate baterako, alde bati baino ez baitio kargu hartzen. Nahikoa du alde baten mea culpa eskatuta. Ez du beste inoren aitorpenen beharrik. Ez du lekurik, hain da ziztrina. Zoru etiko bat jartzeko, lehenago egiazko zorua zapaldu behar da, lurrezkoa zein porlanezkoa izan. Gertatzen da, ordea, egia bat, alde bateko egia, denek onartzen duten aldi berean, beste aldeetakoa, hura ere ezaguna den arren, ez dela ofiziala, eta haren erantzuleek ukatu egiten dutela. Egiarik gabe ez dago zoru etikorik, ez kontaketarik. Eta egia osoa ez aitortzeko, beren «kontaketaren» araberako zoru etikoa nahi dute, beren zigorgabetasun erraldoia nabarmenago ager ez dadin. Alde batean milaka zenbatzen dira kartzela urteak; bestean, atzamarrez zenbatu daitezke. Horregatik nahi dute hainbesteko inpunitatea kabitzen ez den zoru etikoa.