GARA Euskal Herriko egunkaria
TXOKOTIK

Anpuluak BECen


Aurten ez gara BECera joan, eta telebistan ere tarteka baino ezin izan dugu finala jarraitu. Nahikoa, dena den, hamar hilabeteko haurra bertsozalea dela jakiteko. Txaloak erruz bota zizkion Ametsi. Biak txapeldunak.

Ez genuen Barakaldoko giro paregabea gozatu, beraz, baina aurreko asteburua bertsoen bueltan eman nuen, bertsoei eta, batez ere, bertsolariei lotuta. Horretara behartu ninduten Gaur8-ko ale monografikoak eta Zazpika-n Miren Amurizak Andoni Egañari egindako elkarrizketa ederrak. Bertsolaritza atsegin dugunok sekulako altxorra izan genuen esku artean.

Gaueko ordu txikitan edo afari baten karira bertsoren bat botatzen saiatu garen guztiok bertsolariei mirespen eta, aldi berean, inbidia puntu batekin begiratzen diegula esango nuke. Benetakoei, esan nahi dut. Ez baita erraza bertso bat harilkatzea. Bertsolari izateko pertsona azkarra izan behar duzu, eta esparru intelektualean zailduta egon. Duela urte batzuk, Auzitegi Nazional espainoleko fiskal batek «juglares sabelotodo» deitu zien lekuko moduan deklaratzera joan zirenei. Erdeinuz esan zien, noski, baina egia da bertsolariek beti izaten dutela edozein gairen gainean iritzi propioa, landua eta interesgarria. Amagoia Mujikak «hirugarren begia» deitu dio munduari begiratzeko modu berezko horri, eta uste dut begirada berezi hori nahiko arrazoi dela finalistekin eta txapeldun ohiarekin izandako solasaldiak irakurtzeko.

Ni, Sustrai Colinaren esaldi honekin geratzen naiz: «Ez dira agian mitinetarako garaiak. Uste dut hitzak eta egoerak oso gastatuta iristen zaizkigun garai bat bizi dugula eta gauza horiek esateko beste modu batzuk topatu behar ditugula». Bat nator berarekin, eta uste dut esaten duena esparru askotan aplikagarria dela; kazetaritzan, argi dago, eta baita ere politikagintzan edo gizarte mugimenduen arloan. Gauzak esateko modua findu behar dugu, gauzak aldatu nahi baditugu, behintzat.

Horrelako hamaika hausnarketarako bide eman didate elkarrizketek, eta gozada bat izan da denak banan-banan irakurtzea.

Eta BECen jazotakoaz zer esan. Jendetza bildu zen, bai, baina hori askok esan dutenez nik jende horrek isuritako negar-anpuluak aipatuko ditut. Izan ere, bertso batekin horrela hunkitzen den herria bizi-bizirik dagoela iruditzen zait; bertso batekin negar egiten duen herriak etorkizuna du. Indar erakustaldia ez zen harmailetan izan, bertsozaleen aurpegietan baizik.