14 ENE. 2014 TXOKOTIK Ahaztu nahi eta behar ez direnak Maider Eizmendi Kazetaria Begiak itxita eta ia indar eginda gogoratzen ditut irudi batzuk; buruko irudi artxiboaren hondo- hondotik atera behar izango banitu bezala. Noizean behin ariketa hori egitea gustatzen zait, ordea, ez dudalako zenbait irudi eta oroimen hondo-hondoan galtzerik nahi. Aldrebesko bidea egitea ere tokatu zait nahi baino gehiagotan; buruak aldrebeskeriaz gogoratu nahi ez ditugunak sakonetik ateratzeko gaitasuna baduelako. Orduan ere begiak itxi eta saiatzen naiz haiek artxiboaren hondora berriz eramaten, intentzioz eta indarrez. Bestelakoak dira irudiekin oroitu beharrean sentsazioekin oroitzen ditugun pasarte eta uneak. Haiek ez dakit ondo non gordetzen diren, non egiten duten horrenbeste iltzatzeko txokoa eta zergatik duten, denbora pasata ere, buru eta gorputzari halako astindua emateko botere indartsua. Onean eta txarrean, bi kasuetan dira handiak urdailarekin gogoratzen direnak, arnasa sakondu eta begiak malkotzen jarraitzeko gaitasuna dutelako, eta nolakoa gainera! Buruan ez ezik, urdailean edo dena delako tokian txoko bat egin izana espero dut asteburu honetan ikusitako irudiak eta sentitutako zirrarak, aurreko urteetakoek egin zuten moduan. Indarrik egin gabe gogoratu nahi dut, izan ere, Autonomia kalearen irudia, aurrera egin ezinak nekea eta ezina baino urdailean bertan eragindako poza, pankarta zetorrelako urrundik hasitako txaloak gerturatzean sentitutako irrika, atzean zetozen senideek bildu zituzten txaloek eragindako zirrara, haien begi bustiek sortutako poza eta ezinegona, udaletxera iritsi ezinda, ibilaldia bukatutakoan sumatutako patxada... Esfortzurik gabe gogoratu nahi ditut iruditan eta urdailarekin; baina, hala ez bada, egingo dut artxiboaren hondotik azalera ekartzeko ariketa apropos. Espero dut, halaber, nirean ez ezik, besteen barrenean ere iltzatu daitezela irudiok, han bildu ziren guzti-guztienetan, baita bertan egon behar eta egon ez zirenenean ere. Eta desio dut haien buruak ere nireak adina kapritxo izan ditzan, noizean behin behintzat gordetako oroimenak irudiz eta sentsazioz aurrera ekartzeko.