22 ENE. 2014 TXOKOTIK Minkidearen bertso ameslariak Mikel Zubimendi Kazetaria Niri ere gertatzen zait: gosaldu aurretik dozena erdi gauza inposible amesten ditut. Nire gogoa, mezulari herratu bat bailitzan, xederik gabe, Historiarik gabeko erreinuak zeharkatzen ditu. Gero, baina, dutxa hartu eta apur bat espabilatuta, konturatzen naiz deskalabrura iristeko bi bide seguru daudela: inposibleak eskatzen eta saihetsezina atzeratzen tematzea. Bere garaian, hamarkadak preso zeramatzan minkide baten bertsoak oparitu zizkidaten. Ameslariak, eta era berean dutxa osteko errealismo bainu baten ondotik idatzitakoak. Gorde egin nituen eta egunotan berrirakurri ditut. Presoen Kolektiboak hartutako bidea, ETAren kidegoak berretsi duen erabakiaren berria eta Bilboko manifestazioak erakutsitakoa buruan bueltaka akordatu naiz bertso haiekin: «Urtu dezagun izotza/ amata gerra hotsa, bizirik daukagulako bihotza. Bukatu da, bukatu da bide zaharra/ ez ordea gure garra/ ezinbesteko dugu ildo berri bat/ jorratu beharra. Herriaren Batasuna da gure indarra/ ta bidea malkarra/ politika da garaipenaren aukera bakarra». Jo, urteak ditu bertsoak eta bai, majo asmatu zuen minkideak, bai. Bukatu da, bai, akabera ematea falta zaion arren. Eta presoek hartu erabakia hartuta, bizpahiru kapitulu baino ez zaizkio falta sesioari. 120 minututik gora, pelikula baten tentsio narratiboari eustea asko kostatzen da eta pelikula honek, bere tramaren korapiloak askatuta, akabera eskatzen du. Gerra hotsen nostalgiko gutxi batzuk ez dira falta, baina gaur eta hemen, Euskal Herri honetan gerra dagoela -edo egon behar duela- esatea, gaur egungo euskal gizartea gerra batean bizi bada, beste hark esango zuen modura, iraun dezala ehun urte! Bai, bizi-bizirik daukagu bihotza. Ez da bukatu gure garra. Ildo berria badago, herritar batasun baten indarra -Bilbon eder eta ikusgarri adierazitakoa- eta politikaren aukera -eta arrisku- guzti-guztiak parez pare. Minkidearen bertsoek gosaldu aurreko ametsa ziruditen. Bide berria, baina, ez zen inposible bat, saihetsezina zen. Eta bide hori konbentzimenduz egin delako iskin egin zitzaion deskalabruari. Orain, norabide berean joanda, ondo. Eta azkar joanez gero, hobeto.