30 ENE. 2014 TXOKOTIK Bihotz eta bi hitz Mikel Zubimendi Kazetaria Bere letrekin txunditzen nauen eta estimu jasoan dudan Alfonso Sastre handiari berriki irakurri diot biktimen elkarteak bakearen etsai direla. Bueltak eman dizkiot baieztapenari, buruhauste izateraino. Jakina existitzen direla bakearen etsaiak, asko, askotarikoak, boteretsuak eta min emateko gai direnak. Ñabardurek ere pellokeriak dirudite: biktimak eta biktimen elkarteak ez direla gauza bera; Angeles Pedraza, Consuelo Ordoñez, Daniel Portero eta pasta berekoak horroreen galeria batean lekua merezi duten barrabaskeriak esan arren, jarrera itsusi-itsusi bat azaldu arren, biktimetan pertsona bezainbat jarrera daudela eta pertsona guztiak bezala jarrera oro aldagarri direla; bakea ez dela lagunekin egiten, eta abar. Ekuazioak, baina, «biktimen elkarteak bakearen etsai», absolutuan hartuta, demontrea duela uste dut. Azken egunotako berriekin, gainera, ekuazioak borobilagoa, begi-bistakoagoa dirudiela ohartzen naiz. Estrasburgoko zaplaztekoaren ondoren esan eta egin dituztenak, PP bigun eta eskuzabal delakoan antzeztu den zalaparta, Ortega Lararen Vox alderdi ultra... Bai, egunotan inoiz baino amorratuago, mendekuzaleago astintzen da biktimen bandera. Argi esaten dute beraientzat Euskal Herrian bakea eraikitzea zigorra dela, adiskidetzea, erreparazioa eta aitorpen sendagarriak traizioa direla, ETAren garaipen kriminala, demonio guztien askabidea. Ez da atzo goizeko kontua. Biktimak politika egiteko, soluzioak oztopatzeko eta populismo zigortzailea elikatzeko erabili izan dira. Horrek berehala ez dauka, antza, soluzio errazik. Igual da, baina. Ahal den neurrian, soluzioa behar du. Eta ez da ideia txarra esaerak dioenari jaramon egitea: etsaiarengandik hartu aholkua, jaso gomendioa. Besteak beste, bakearen etsaiek ez dutelako nahi, hain zuzen, beharrezkoa da «biktimen gaia» serio, ordenatu eta konbentzimenduz azkartzea. Euskal Herriaren, presoen, prozesuaren alde inbertsio on eta segurua baita. Biktimekin (elkarte zein norbanako) elkarrizketa serio eta heldua behar da. Aditzea, begietara begiratzea eta bi hitz sikiera esatea. Ez dena behar, inolaz ere, erlijioa da. Kanpora damutze eta enmendatze katolikoen eskaera fariseoak! Eta egituratu dadila, zehatz eta garapenerako aukeraz beteta, elkarrizketa hori. Hartara, detaile txikietan esanahi handiak daudelako, bi-hotz eta bi hitz asko da: bihotz-bihotzez, sentitzen dugu.