03 FEB. 2014 ITSASOA Mavericks 2013/2014: Grant Bakerrek irabazi du olatu handien itzuliko bigarren proba Aurtengoan sekulako itsaskiak izaten ari dira ipar hemisferioan eta olatu handietako munduko itzulia puri-purian da. Azken txapelketa Mavericksen izan zen eta Galea Puntan irabazi zuen Grant Bakerrek eskuratu zuen txapela. Orain BWWT rankingean buru da Baker. Haritz LARRAÑAGA ALTUNA Grant Twigy Baker hegoafrikarrak irabazi du olatu handien itzuliko (Big Wave World Tour) laugarren txapelketa. Mavericksen eskuratu berri duen lehen postuarekin ranking orokorrean buru da Baker. 2013-2014 sasoian orain arte bi txapelketa baino ez dira egin: lehena, pasa den hilean Galea Puntan egin zutena; eta azkenekoa, Mavericksen egin berri dutena. Bi txapelketak Bakerrek irabazi ditu. BWWT 2013-2014 Olatu handietako zirkuituaren iraupena hamabi hilabetekoa da, baina bi urte hartzen ditu; alegia, Big Wave World Tour delakoa urtero egiten den arren, sasoia bi urte desberdinetan banatua izaten da. Apirilaren 1ean hasi eta hurrengo urteko martxoaren 31n amaitzen da olatu handietako zirkuitua; horrela, hego zein ipar hemisferioko itsaski handienetan aritzeko aukera izan daiteke. Aurtengoa, 2009. urtean lehen aldiz munduko olatu handien itzulia egiten hasi zirenetik, zirkuitua egiten ari diren bosgarren aldia da. 2013-2014. urteko zirkuituko lehen proba Txilen egitekoa zen Punta de Lobos izeneko ezker olatuan, baina itxaronaldi epea agortu eta olaturik ezean, bertan behera geratu zen. Gauza bera gertatu zen itzuliko bigarren probarekin. Uztailaren 1a eta irailaren 30a artean ez zen behar adinako itsaskirik izan Perun, eta ondorioz, Pico Altoko eskuin olatuan egin ohi den proba ere egin gabe geratu zen. Normalean, zirkuituko lehen bi probetan izaten da itsaski handi bat izateko aukera gehien, edo estatistikei begiratuta behintzat hori ematen du; izan ere, hego hemisferioan egiten diren txapelketak ipar hemisferioan egiten direnak baino gutxiagotan suspenditu izan dira. Aurtengoan ordea, badirudi alderantzizkoa gertatzen ari dela eta ipar hemisferioan ari dira sortzen itsaski handienak. Mavericks 2013-2014 Kalifornia iparraldean dago Half Moon Bay (Ilargi erdiaren badia), San Frantzisko hegoaldean (Kalifornia), eta bertako ur hotzetan, itsaslabarretatik urrun, itsaskiak indartsuak direnean olatu arriskutsu bat jasotzen da branka eta haitz zorrotzen gainean. Egunerokoan marrazoak eta ur hotzetako arrainak baino ez dira izaten urautsian, baina olatu handiak lehertzen hasten direnean surflari, argazkilari, itsasontzi eta uretako motoekin betetzen da badia. Olatu handien munduko zirkuituan ikusmin gehien sortzen duen txapelketa izango da ziur aski Mavericksen egiten dena, eta horren adibide garbia izan zen pasa den urtarrilaren 25ean egin zuten txapelketa. Lau epaile uretan, bi olatu ur azpian igarotzen dituzten lehiakideengandik gertu. Erorketa beldurgarriak, aire pizgailua duten ur jantzi bereziak, surflariak azpian atzematen dituzten olatu erraldoiak eta urautsi parean dagoen «Pilar Point» haitz handia kolpatzean milioika ur tanta bilakatzen diren apar zuriak. Olatu handietako txapelketa batek behar dituen osagai guztiak biltzen ditu Mavericksek. Pikoan olatu batzuek 45 oineko altuera hartzen zuten (zazpi metro eta erdi). Epaileek hiru irizpide nagusi zituzten esku artean lehiakideen balentriak puntuatzeko. Lehena, olatuaren altuera, zenbat eta olatu handiagoa hartu, orduan eta puntu gehiago lor daitezke. Bigarren irizpidea, lehiakidearen kokapena olatua hartzerako orduan. Hau da, leku kritikoan olatua hartzeak (olatua gehiago jasotzen den eremua) gehiago puntuatzen du. Eta hirugarren irizpideak surflariak olatuaren gainean egiten duena puntuatzen du; surf egiteko modua, alegia, surflariak egoera menderatzen duen, lasai doan edo olatua nola marrazten duen hartzen da kontuan. Aipatu irizpideen arabera ongien aritu zen surflaria Grant Beaker izan zen. Bikain hasi zuen lehen txanda hamarreko batekin. Olatu handien txapelketa hiru errondatan banatzen da: lehen txanda, finalerdiak eta finala. Beraz, bi txanda pasa ostean finalean zen Baker eta berriz ere bikain aritu zen, hasi bezala, hamarreko batekin amaitu baitzuen. Bi olatu onenak dira puntuatzen dutenak, eta txapelketa hauetan, bi olatu horietako olatu onenak doble puntuatzen du. Bakerrek, hamarreko batekin eta 9,33 punturekin, guztira 29'33 puntu bildu zituen eta txapela eskuratu zuen. Honela deskribatu zuen Bakerrek sentitzen zuena: «Gustukoen ditudan bi surflariekin nengoen txandan; Shane Dorian eta Greg Long. Haiei irabaztea itzelezkoa da, ezin hobeto sentitzen naiz. Orain zortzi urte, 2006. urtean, txapelketa bat irabazi nuen hemen, Mavericksen, orain zaharragoa naiz, motelagoa, baina badut nire burua gainditzeko gogo hori». Bigarren postua Shane Dorian hawaiiarrak eskuratu zuen 25,53 punturekin. Hirugarren, Ryan Augenstein kaliforniarra, 16,66 puntu bildu baitzituen. Laugarren Tyler Fox geratu zen, bertako surflaria, 12,66 punturekin. Bosgarren postuan Greg Long 12,00 punturekin. Eta seigarren postuan Anthony Tashnick, hau ere bertako surflaria. Anthonyk ez zuen olatu bat bera ere hartzea lortu finalak iraun zituen 60 minutuetan, beraz finalean punturik bildu gabe eskuratu zuen seigarren postua.