04 FEB. 2014 Binakako Txapelketa Hautaketa naturalak ez du presarik Lehiaketa sistema hau erabiltzen denetik, lehen itzulia jokatuta, sekula ez du izan azken bikoteak horren gertu muga adierazten duen laugarren postua. Jon ORMAZABAL Belaunaldi aldaketaren eta orekaren txapelketa bezala aurkeztu zuten abendu amaieran bere lehen fasea amaitu duen Binakako lehia hau, eta oraingoz, ezin esan inolako gezurrik kontatu zigutenik. Ligaxka eran jokatzen diren lehiaketa denetan gertatzen den bezala, lehen itzuliaren amaiera une egokia izaten da bakoitzaren helburuak berraztertzeko, baina finalerdietarako txartela birtualki eskura duten Olaizola II eta Aretxabaleta kenduta, gainerako zazpi bikoteen helmugak bera izaten jarraitzen du, hurrengo faserako beharrezkoak izango diren zazpi puntuak -iaz Berasaluze II eta Albisu seirekin sartu ziren- lortzea. Bigarren postuan sailkatuta dagoen Martinez de Irujo-Barriola bikoak ere lana oso ondo bideratuta duela esan daiteke, baina ziur Aspeko bi nafarrek ez dutela orain bi urte gertatutakoa ahaztu, lehen fasearen erdira aurtengo bost garaipenekin heldu ziren arren, azkenean finalerdietatik kanpo geratu baitziren. Iberokoak zenbait aste eman zituen lehiaketatik kanpo hazizurrien eraginez eta bigarren itzuli osoan bi partida baino ez zituzten irabazi eta Xala eta Laskurainek aurre hartu zieten average-an. Orduko hartan ere, Aimar Olaizola zen, Beroiz lagun zuela, sailkapenaren buru, jokatutako zazpi partidak irabazi zituztela -lehen faseko 14ak irabaztea lortu zuten-. Parekotasun handia behetik Baina sailkapeneko goiko postuetan baino, hirugarren postutik atzera dagoen berdintasuna da aurtengo txapelketa honen daturik garrantzitsuena. Jardunaldiak aurrera egin ahala, orain arte ohikoa izaten zen txapelketak bere hautaketa naturala egin eta bikoteren bat aukerarik gabe geratzea, baina oraingo honetan, taularen beheko muturrean dauden Ezkurdia eta Zabaletak garaipen bakarrera dute hirugarren postua. Bi itzulitako sistema hau martxan denetik -2011n jarri zen martxan, baina orduko hartan bigarren itzulian enpresa bereko bikoteek ez zuten elkarren aurka jokatu-, sekula ez da horren alde murritzik izan. Iaz, Arretxek eta Beginok itxi zuten taula lehen itzulian, garaipen bakarrarekin eta laugarren postua hiru garaipenera zuten, 2012an ere Asegarceko nafarrak izan ziren lehen itzuliko okerrenak, ez zuten garaipenik lortu eta lau puntuko zuloa zuten, laugarren ziren Berasaluze eta Albisurekiko. Bigarren itzulia motzagoa izan zen arren, 2011ko txapelketa izan daiteke aurtengoarekin antzik gehien izan lezakeena, orduan lau baitziren (Berasaluze-Apraiz, Gonzalez-Laskurain, Irujo-Merino II eta Titin-Pascual), hiruna garaipenekin berdinduta ziren bikoteak. Hori bai, lehiaketa ixten zuten Olaizola I.ak eta Belokik garaipen bakarra zuten, eta gainera, Goizuetakoak lehiaketa utzi behar izan zuen, Tafallan belauneko lesio larria jasan ostean. Hala, emozioak ziurtatuta dirudi bigarren itzuli osoan, jardunaldi honetatik hasita. Pentsa, ostiralean Ezkurdia-Zabaleta bikoak Urrutikoetxea-Beroiz harrapatu dezake Arrigorriagan, eta hiruna garaipenekin berdinduta dauden Titin-Merino eta Bengoetxea VI-Ibai Zabala elkarren aurka arituko dira Tafallan.