07 ABR. 2014 Eskalada Klasikoa bihurtu ote da? 8b+ «trad» Barbara Zangerlentzat Eskalatzaile austriarrak «Prinzip Hoffnung» bidearen laugarren errepikapena egin du. Marra hori igotzen lehen emakumezkoa izan da. Andoni ARABAOLAZA Beat Kammerlanderrek «Prinzip Hoffnung» bidea zabaldu eta lehen igoera egin zuenean, eskalatzaileen kolektiboak argi zuen gutxi izango zirela trad erako marra hori kateatuko zuten eskalatzaileak. Batetik, zailtasun tekniko handia duelako: E9/10 edo 8b+. Eta bestetik, oso psikologikoa delako. Bada, iritzi hori erabat lehertu da, azkenaldiotan Voralbergen (Austria) dagoen bide horrek lau igoera izan dituelako. Azkena, Barbara Zangerlena. Eskalatzaile austriarrak laugarren errepikapena egiteaz gain, beste ohore bat du: «Prinzip Hoffnung» igo duen lehen emakumezkoa izan da. Horrela bada, aurreko iragarpen hori irauli eta dagoeneko batzuek diote Kammerlanderren bidea «klasikoa» bihurtu dela. Zargerlek aurretik 40 metro gogor eta konpromiso handia eskatzen duen marra bat zuen. Nahiz eta eskalada tradizionala izan, gai izan da izen handiko korapilo bat askatzeko. Austriarra orriotan behin baino gehiagotan azaldu da, besteak beste, hainbat eskalada estilotan goi mailako jardunak sinatu dituelako. Kirol eskaladan blokean, hormatzarretan... argi asko erakutsi du ondo baino hobeto moldatzen dela. Baina, zailtasun handiko tradean? Erantzun hori argitu ahal izateko, «Prinzipo Hoffnung» marra hautatu zuen: «Bideak bi artesi ditu, eta horien artean plaka leun bat. Oro har, bai hatzentzat bai oinentzat dauden heldulekuak oso txikiak eta txarrak dira. Pazientzia handia behar izan dut, besteak beste, top-ropean hainbat aste probatzen izan nintzelako. Ondoren, erorikoen aurrean «ausardia» hartu behar nuen, jarrita zeuden fisureroak oso txikiak zirelako. Beste marra batzuetan friend-ak erabili ditut; fisureroak, berriz, lehen aldia nuen. Eroriko hauetan ikastaro trinkoa izan dut!». Eroriko asko Austriarrak aipatu du eskalatu berri duen marra ederra dela oso: «Oso motibatuta nengoen, beste eskalada estilo bat probatzen ari nintzelako. Asko gozatzen dut aldaketa horiekin. Bidea, berez, nire etxe ondoan dago. Milaka aldiz ikusi dut neure aurrean, baina ez nuen batere ausardiarik marrari aurre egiteko. Bidea perfektua da. Jacopo Larcherrek probatu zuen, eta bera ikusita ni ere lanean jarri nintzen. Biok ala biok, beraz, xede bera genuen, eta horrek motibatzen gintuen. Jacopok oso azkar kateatu zuen; nik, aldiz, denbora behar izan nuen». Bai, Zargerli asko kosta zaio, besteak beste, ezagutzen ez zuen estilo bat eskalatzen ari zelako eta bidea oso gogorra zelako: «Lehen saioak onak izan ziren, baina, ondoren, eroriko piloa izan nuen. «Errusiar mendi» bat bezalakoa izan zen. Eta horrek buruari asko eskatu zion. Bidearen giltzan, adibidez, 8-9 aldiz erori nintzen, baina aitortu behar dut zati hori nahiko segurua dela. Eroriko luzea da, baina min hartzeko zaila». Protagonistak jakin bazekien, beste sekzio batzuk askoz ere arriskutsuagoak zirela: «Batez ere lehen metroak. Ez dira zailak, baina beldur handia ematen dute. Kontuan hartu behar da lehen 20 metroak arriskutsuenak direla, eta horietan derrigorrez fin ibili behar duzu. Horretaz gain, fisureroak jartzerakoan trebetasun handia behar duzu izan. Eta, hori guztia gutxi izango balitz, helduleku txikiek ez dizute batere laguntzen. Eguneko bi saio soilik egiten nituen». LEHENA. Barbara Zangerl «Prinzip Hoffnung» bidea igo duen lehen emakumezkoa da. Laugarren errepikapena erdietsi du.