GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI LASTERKETAK | EMFren lehen hitzordua

Euskal Kopa gogor hasi da Urnietako lasterketarekin

Maite Maiora, Jokin Lizeaga, Izaskun Zubizarreta, Tedy Garzon, Andrea Garai, Joanes Goitisolo eta Pello Moreno EMFren zirkuituko lehen liderrak dira. 400 korrikalarik baino gehiagok hartu zuten parte.


Mendi lasterketen egutegi ofiziala hasi da dagoeneko. Euskal Mendizale Federazioak atondutako Euskal Kopako lehen hitzordua Urnietako Mendi Lasterketa izan zen. Hilaren 6an jokatu zen, eta seniorretan, helmuga puntuan lehenak Maite Maiora eta Jokin Lizeaga izan ziren. Gainera, irabazteaz gain, biek ala biek aurretik ezarritako errekorrak ondu zituzten.

Hirugarren aldia zuen lasterketak, eta lasai asko aitor daiteke arrakastatsua izan zela. Batetik 400 korrikalaritik gora izan zirelako; bestetik, eguraldi bikaina egin zuelako (bero puntu bat ere bai); eta hirugarrenik, ibilbidera makina bat ikusle bertaratu zelako.

Korrikalariek aurretik 21,6 kilometroko proposamen gogorra zuten, besteak beste, Oindi, Adarra eta Onddoren gailurretatik pasatu behar zirelako. Guztira, ia 1.600 metroko goranzko desnibela. Eta ibilbide horretan indartsuenak Maiora eta Lizeaga izan ziren. Biak ala biak probara sasoiko iritsi ziren. Maiora, adibidez, Espainiako Koparen lehen proban gailendu zen. Lizeagak, berriz, Senpereko eta Talaiako lasterketak irabazi ditu.

Uda giroa

Irteeran giro freskoa zuten arren, helmuga puntuan 25 graduko tenperaturara iritsi ziren. Nesketan, Maiora aise gailendu zen 2:07:04 denborarekin. Bigarren Uxue Irigoien sailkatu zen ia 9 minutura, eta hirugarrena Aitziber Ibarbia 15 minutura. Maiora pozik zegoen eginiko lanarekin: «Nire bigarren lasterketa izan da, eta biak ala biak irabazi ditut. Ez dut zalantzarik sasoiko nagoela, baina, jakina, lehiatu egin behar da. Bestalde, Oihana Kortazarrek iaz jarritako errekorra gainditu dut. Ordubete neramala ohartu naiz posible zela errekorra ontzea, eta bigarren zatian topera joan naiz».

Mutiletan, bestalde, lehia askoz ere estuagoa izan zen, batez ere lehen bi sailkatuen artekoa ederra izan zen oso; hots, Aritz Egearen eta Lizeagaren artekoa. Lasterketa erdia Egeak aurrean egin zuen, baina etxekoak erritmoa aldatu eta helmugan lehen postua erdietsi zuen 1:49:18 denborarekin. Egea minutu eta 12 segundora iritsi zen eta Dabid Garcia hirugarrena 7 minutu eta 52 segundora.

Beteranoetan, berriz, onenak Izaskun Zubizarreta eta Tedy Garzon izan ziren. Aurtengo Euskal Koparen ekitaldian gazteenek ere protagonismo handia izango dute. Promesa mailan, adibidez, Andrea Garai eta Joanes Goitisolo gailendu ziren. Eta junior-kadeteetan: Pello Moreno.

Euskal Koparen zirkuitua gogor hasi da dagoeneko. Urnietakoaz gain, beste bost izango dira: Lakuntza (ekainak 8), Goierri Garaia (uztailak 5), Bidarrai (uztailak 19), Olazti (irailak 27) eta Gorbeia Suzien (urriak 18).