GARA Euskal Herriko egunkaria

Ohiko galderak

Ikasleei etxeko lan bat ematen diet, itsasoa edo surfarekin lotura duen galdera bat ekartzeko esaten diet. Ganoraz itauntzen naute, baldin eta gurasoei laguntza eskatzen ez badiete. Istorio hau entzun ostean, askok egingo duen galdera hau da: «Zenbat metrokoak ziren olatu haiek?». Ulertu ez duenak ez du bestelako erantzunik merezi: «Horma-armairu bat ere badut etxean».


Nire ikasleei etxeko lan bat ematen diet sarri. Hurrengo saiorako itsasoarekin, surfarekin edo surflariekin lotura duen galdera bat ekartzeko esaten diet. Normalean ganoraz itauntzen naute, baldin eta baten batek bere gurasoei laguntza eskatzen ez badie behintzat. Halakoetan galderak eskasak izaten dira, irudimenik gabekoak, edo zerbait dakienak zerbait dakiela erakusteko saialdiak.

Helduek egiten dizkidaten galderen artean bada bat behin eta berriz errepikatzen dena: «Zein da inoiz hartu duzun olatu handiena?». Egia esan, gezurra erantzuten dut, existitzen ez den lekuren bat edo olaturik gabeko itsasertz batean izandako abenturaren bat asmatzen dut, ez baitut maite esanetan errepikatzea.

Azken urteetan modan jarri da Maldiva uharteetara surf egitera joatea. Leku horietan olatuak ez dira oso indartsuak izaten, ezta handiak ere, baina kalitatea itzelezkoa da. Halakoak, surfaz gain ezer gutxi eskaintzen duten bidaiak dira, ordea, oporrak ontzi batean sartuta pasatzen baitira.

Urte osoan lantegi batean edo bulego batean sartuta dagoenarentzat aukera bikaina izan daiteke, baina olatu borobilak eta indartsuak maite dituenak edo surfean maila altua duenak zahartzaroan egiteko bidaia motak direla uste dut. Ez dut uste aipatu profila betetzen duen surflariak Maldivetara egin duen bidaiaz harro egoteko arrazoirik duenik.

Egin ditudan bidaien artean surf egitera joan ez naizen bidaiak aukeratuko nituzke. Olatuak helburu izan ditudanean ere pasarte ahaztezinak izan ditut, baina dudarik gabe, bidaia bera helburu bilakatu zaidan kasuetan izan ditut esperientzia hoberenak. Oroitzapen onenak ezagututako jende bikainak betetzen ditu, eta, noski, horretarako surf eremuetatik atera behar da. Horregatik, olatu handien inguruko galderak egiten dizkidatenean Txileko kostaldea datorkit buru handi honetara. Ez nintzen han surf egiten izan, nahiz eta aukera izan nuen, baina aspaldi, bertako kostaldea zeharkatzeko aukera izan nuen eta han ikusi nituen inoiz ikusi ditudan olatu handienak.

Chiloeko irlan izan zen. Sekulako itsaskia zegoen. Haizeak gogor harrotzen zituen olatuak, baita itsasertzeko harea ere, eta uhinei begiratzeak min egiten zuen. Amaieran ez zen hodeiertzik, ezta zerua eta itsasoa bereizten lagun zezakeen marra zuzenik ere. Olatu erraldoien aparrak eta laino zurienak elkar nahasten ziren. Ez zegoen lehen olatua non lehertzen zen jakiterik. Inoiz itsasoan ikusi dudan ikuskizun ederrenetakoa izan zen, eta noski, ez nintzen itsasoratu.

Istorio hau ez diet kontatzen ikasleei, bai baitakit zer entzun nahi duten eta ez diet huts egin nahi. Egun hartan, ordea, niretzat, olatu haien gainean surf egin izan banu bezala da. Behin hau kontatuta, askok egingo duen galdera hau da: «Zenbat metrokoak ziren olatu haiek?». Ezer ulertu ez duen eta ulertuko ez duen horrentzat erantzunak ezin du bestelakoa izan: «Horma-armairu bat ere badut etxean».