GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada | Guztira, 19 bide

Goldaratz, leku lasaia baina estutzekoa

Donostiako Club Vasco de Camping elkarteko eskalada sailekoek Nafarroako Goldaratz herritik gertu eskola txiki bat sortu eta ekipatu dute. Guztira, eskalatzeko hemeretzi proposamen egin dituzte. Bide samurrena 7a+ gradukoa da eta zailena 8b+ zailtasunekoa.


Jakin badakigu Euskal Herria txikia dela, baina, eskaladari dagokionez, makina bat eskalatzaile izateaz gain, han eta hemen eskola ugari ditugu. Gu agian ez gara gehiegi jabetzen errealitate horrekin, baina atzerritik bisitan etortzen zaizkigun eskalatzaileek behin eta berriz adierazten digute eskola asko eta onak ditugula. Sortu den azken -perretxikoetariko- bat Goldaratz dugu. Nafarroako herri horren ingurumarian donostiar batzuek kirol eskaladarako spot edo eskola txiki bat sortu eta ekipatu dute.

Beste adibide bat, esku artean ditugun eskolen zerrendari begiratzen badiogu. Oso kilometro gutxian, beraz, eskaladarako hiru eremu ditugu; bi Irurtzunen (Biaizpe eta Saien Balkoia) eta Goldaratz. Ez al da berezia? Bueno, berezia dena da Goldaratzeko eskalada eskola beste lurralde bateko eskalatzaile zein ekipatzaile talde batek sortu duela. Donostiarrak dira denak, Club Vasco de Camping elkarteko (CVCE) eskalada sailekoak. Eta hain zuzen ere, sortu diren bide guztiak ekipatu ahal izateko, Donostiako mendi elkarte horretako laguntza osoa jaso dute: zulagailua, sokak, ekipatzeko tresneria...

Goldaratzeko eskalada eskola txiki hori donostiarrek sortu dutela nabarmendu dugu, baina gehitu dezakegu, hein handi batean, ez gaituela batere ezustean harrapatu. Izan ere, Donostia eta Iruñea lotzen dituen autobia hartzen bada, Donostiatik abiatuta, errepidearen goialdean eta eskuinean eskalatzeko proposamen berria ikusten da. Lerrootako protagonistek ere gauza bera adierazi diote GARAri: «Autobia hori ehunka aldiz hartu dugu, eta beti arroka zati horri begira jarri gara. Azkenean, leku horretara gerturatzea erabaki genuen, eta hor hasi ginen eskaladarako leku horri forma ematen. Urtebeteko lana izan da; izan ere, 2012. urteko ekainean hasi eta hurrengo urtearen hilabete berean amaitu genuen».

Zalantzarik gabe, leku ederra da; baso garbi batean kokatuta dago. Eta, zalantzarik gabe, lasaia ere bada. Soilik -eragozpen- bat du: autobidetik igarotzen diren autoen zarata. Ez da Biaizpetan jasaten den bestekoa; ezta gutxiago ere. Eta estutzeko lekua aipatu dugu. Hori, jakina, eskalatzailearen mailak neurtuko du. Bide -merkeena- 7a+ zailtasunekoa da, eta -garestiena- 8b+ gradukoa.

Hemeretzi proposamen

CVCEko eskalada sailekoek guztira hemeretzi bide sortu eta paraboltekin ekipatu dituzte. Goldaratzeko sortzaileek esan digute besaurreak ondo baino hobeto landu behar direla: «Aurreratu behar dugu ekipatu ditugun proposamen guztiek eroria dutela; hots, desplomatuak dituzte. Beraz, besteak beste, besaurreek lan handia beharko dute egin. Bederen, aldeko eite bat du: euria egiten duenean ez zara bustiko».

Hemeretzi bide horien eroriak, beraz, protagonismo handia du, eta ezin izango dugu ahaztu horietan dauden txorreretan ondo baino ondo estutu beharko dela.

Bide motzena 15 metrokoa da, eta luzeena, berriz, 35ekoa. Eta hauetara guztietara hurbiltzeko xenda oso erosoa da. Goldaratz herritik oso hurbil dago. Herriaren amaieran pista bat hartu, eta 900 metro egin ondoren, autoa aparkaleku zabal batean utzi behar da. Eskalada leku txiki horretako sortzaileek ondo aparkatzeko eskatzen dute; izan ere, hangoentzat lan lekua da. Lurrean dauden teila puskatu batzuetatik bidexka bat basoan sartzen da, eta oso agerikoa ez bada ere, bost minutu beharko ditugu paretetara heltzeko.

Oro har, Goldaratzen urte osoan eskala daiteke, baina neguan hotza eta elurra egiteaz gain, txorrerak busti eta kosta egiten da hauek lehortzea. Beraz, hemendik aurrera garai egokia da leku horretan eskalatzeko.

Amaitzeko, ekipatzaile talde horrek hainbat eskaera egin nahi ditu: «Batetik, eskalada alderdi guztietan egin behar den bezala, hau ere txukun-txukun utzi. Bestetik, haren ingurumaria zaindu, baso eder horretan saiak, basurdeak, oreinak... bizi direlako. Inguruan abere asko daudenez, kontuz akainekin zein arkakusoekin. Hirugarrenik, mesedez, klekarik ez egin. Eta, azkenik, espero dugu sortu berri dugun eremu hori zuen gustukoa izatea eta hango eskaladan ondo pasatzea. Gogoratu ere, Goldaratzen bertan ura hartzeko iturri bat dagoela, Etxeberri jatetxean bikain jaten dela (aldez aurretik deitu) eta Legarra etxean hango gazta eros daitekeela».