GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Rio de Janeiro 2014: Michel Bourez eta Sally Fitzgibbons nagusi ASPko laugarren proban

Gabriel Medinak, txapelketako faborito eta rankingean buru zen lehiakideak, lidertza galdu zuen hirugarren errondan kaleratua izan eta gero. Michel Bourez tahitiarra eta Sally Fitzgibbons australiarra izan ziren Billabong Pro Rio de Janeiroko irabazleak. Brasildarrak, eskas.


ASP zirkuituko azken probak hankaz gora utzi du ranking orokorra. Orain egun gutxi arte lehen bi postuetan ziren lehiakideak bosgarren eta zortzigarren postuetara jaitsi dira, eta beste batzuek, aldiz, nabarmen egin dute gora.

Brasilgo txapelketaren aurretik begi guztiak Gabriel Medina brasildarrari so zeuden; izan ere, bera zen itzuliko hirugarren probaren ostean rankingeko burua eta Rio de Janeiron irabazteko aukera asko zuen.

Zazpi txapelketa falta dira WCT zirkuitua amaitzeko; beraz, oraindik edozer gerta daiteke, baina Brasilen Medinak jaso duen egurraren ostean, argi dago lehen baino zailtasun handiagoak izango dituela berriz ere rankingeko lehen postuari heldu eta 2014ko munduko txapeldun izateko.

Medina kanporatua izan zen modua kontuan hartuta, are mingarriagoa izan zela esan daiteke; izan ere, hirugarren txandak iraun zuen artean nabarmen buru izan zen. Bere arerioa zen Travis Logie hegoafrikarrak ez zuen ganorazko olaturik hartzen, ia denbora osoa olatu baten zain egon zen, eta txanda amaitzeko segundo gutxi batzuk baino falta ez zirenean iritsi zen hainbeste itxaron zuen olatua.

Ordurako Medina hondartzan zen eta bera zen irabazlea, baina Logiek sekulako tuboa egin zuen eta dena kolokan jarri zen. Orduan Medina aldageletara bidean korrika hasi zen eta ezkutuan entzun zuen epaileen azken erabakia. Logiek 9'50 puntu lortu zituen azken olatuan eta horrela zapuztu zuen Medinaren eta jarraitzaile brasildar askoren ordura arteko poza.

Sekulako beheraldia izan zuen beste lehiakidea Mick Fanning australiarra izan zen; izan ere, bost postu egin ditu behera ranking orokorrean, eta zortzigarren postura jaitsi da. Brasilen ez zuen bigarren txanda pasatzea lortu, eta gainera, gonbidapen wildcar bati esker parte hartzen ari zen David do Carmo surflariak kanporatu zuen. Kolpe gogorra hiru bider munduko txapeldun izan den lehiakide honentzat.

Ranking orokorrean gora egin dutenen artean Taj Burrow eta Kelly Slater dira aipagarrienak. Hamaika bider munduko txapeldun izandakoa buru jarri da eta Burrow berriz, bigarren postuan da. Australiar honek urte mordoa darama goi mailako lehian eta askotan lehen bost postuetako batean amaitu du urtea, baina inoiz ez du zirkuitu mundiala irabaztea lortu.

Ranking orokorrean gora egin dutenen artean aipatu beharrekoak Rio de Janeiron finalean izan ziren bi lehiakideak dira. Michel Bourez tahitiarrak eta Kolohe Andino estatubatuarrak sekulako lana egin behar izan zuten finalera iristeko.

BOUREZ vs ANDINO

Finalean olatuak apur bat txikiagoak ziren, metro ingurukoak. Txapelketan zehar ordea, ihesbide laburreko olatu borobilak izan ziren eta lehiakideek muturreko tuboak egin behar zituzten puntuak lortzeko; izan ere, halako baldintzetan bestelako ariketak egitea oso zaila izaten da. Surflari guztiek izan zituzten zailtasunak, baldintza bihurriak ziren, bi metro inguruko haize olatuak, norabide anitzetan lehertzen ziren uhinak; beraz, olatu onena aukeratzea lortzen zuen lehiakideak egiten zuen aurrera eta halakoetan zorteak ere pisu handia hartzen du.

Finala ez zen txapelketako txandarik ikusgarriena izan, Andino airekoekin saiatu zen epaileak bereganatzen, baina ez zuen ariketak behar bezala amaitzea lortzen. Bourez ostera seguru aritu zen, ariketa klasikoak egin zituen baina garbi eta indartsu. Hainbeste txandaren ostean bi lehiakideek zuten nekea ere nabaria zen eta txanda amaitu ostean besarkada eman eta elkar zoriondu zuten bi surflariek.

Tahitiarrak aurtengo zirkuituan irabazten duen bigarren txapelketa da, Margaret Riverren ere berak irabazi baitzuen; pozarren zen, beraz, eta honela mintzatu zen: «Ez nuen urte berean bi bider irabaztea espero; beraz, pozarren nago, baina txapelketa bat irabazi orduko munduko titulua eskuratzeko izan ditzakezun posibilitateetan pentsatzen hasten zara eta hori gogorra da».

MOORE vs FITZGIBBONS

Nesken kasuan ere lehia bizia izan zen, baina txapelketa amaitu ostean ez zen ranking orokorrean mutilen kasuan adinako aldaketarik izan. Carissa Moore hawaiiarrak lehen postuan jarraitzen du eta Brasilen txapela eskuratu zuen Sally Fitzgibbons australiarra berriz bigarren lekuan da egun.

Aipatzekoa Pauline Ado hendaiarrak egin zuen txapelketa bikaina. Final-laurdenetan kaleratua izan zen, baina txanda pasatzeko zorian izan zen. Txanda amaitzeko segundo gutxi falta zirenean olatu bikain bat egin zuen, baina ez zuen Laket Peterson amerikarra garaitzea lortu, 0'22 punturen faltan geratu zen.

Finalean, Carissa Moore eta Sally Fitzgibbons, biak eskuin surflariak. Moore batez ere aurpegiz aritu zen ibilbide laburreko eskuin olatuetan. Fitzgibbonsek ostera ezker olatuak aukeratu zituen eta indartsu aritu zen bizkarkako birak egiten. Horrela lortu zuen 9'27 puntu eman zizkion olatu bikaina. Moorek ez zuen bere arerioa gainditzea lortu eta bigarren postuan geratu zen, nahiz eta rankingean buru den.