25 MAY. 2014 HEMEROTEKA Alofilia Karlos Gorrindo Etxeandia ARGIA, 2014/5/21 Asertiboa, akuilari, eragile, motibatzaile, erreferentzia, eredu, adibide, lidergo eraldatzaile, bidelagun, eraikitzaile, erakusbide, irakasbide, pertzepzioa, logika, psikologia, pedagogia, komunikatiboa, zeharkakotasuna, endo-taldea, exo-taldea. Osagai edo aldagai hauek guztiak gehi beste zortzi mila gehiago aipatu ziren Udal Topek Lasarten gauzatu zituen euskararen inguruko jardunaldietan. Eta baldintza hauen guztien gidari-aholkulari, euskara teknikaria, jakina (normalkuntzakoa, trebatzailea, dinamizatzailea...), gure hizkuntza normalizazio bidean jarri eta Euskal Herriko zoko-moko guztietako administrazioetan zabaltzeko, hedatzeko eta egonkortzeko. Baina guk eskatzen duguna, ez da soilik goiko parrastada horren guztiaren gidari izatea euskara zabaltzen diharduen bide-laguntzaileak. Guk hauxe eskatu genion (nion) HPS Patxi Baztarrikari: euskara babestuko lukeen lege bat onartzea, inguruko hizkuntzen (gaztelania eta frantsesa) babes juridiko bera izatea. Denok dakigu egun bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzen duela euskarak Euskal Herrian. Eta hemen dago gakoa euskara noranahiko bilakatuko duena eta egun bizi duen makalditik suspertzen lagunduko liokeena, agian: legea aldatzea edota egokitzea. Estatus juridiko bera izatea euskarak eta erdarak. Eta hau Eusko Jaurlaritzaren lana da. Politikoa. (...) demokrazia legean eta justizian oinarritutako sistema bada, euskara desabantailan dago erdararen aldean, eta nik ez dut inondik inora ikusten justiziarik ez legerik euskara babesten duenik. Erdarak hizkuntza hegemonikoak dira, baztertzaileak eta suntsitzaileak, euskara, ordea apaingarri linguistikoa. Erdara bezala euskara derrigortuko balitz, legearen babesarekin, jakina, beste kukurruku bat egingo luke oilarrak. (...)