GARA Euskal Herriko egunkaria
UDATE BETE

Merenderoak: Laurgain (Pagoeta)


Laurgain merendero edo atsedenlekua izen bereko auzoan dago, Pagoetako Parke Naturalean, Lukun baserritik gertu. Gipuzkoako parke honek 2.860 hektareako azalera du; zatirik handiena Aian eta gainerakoa, Zarautz eta Zestoaren artean. 678 metroko garaiera duen Pagoeta mendiak eman dio izena.

Parajea ezagutzen hasteko, Iturraran Parketxera hurbiltzea izango du onena bisitariak. Han jasoko du behar duen informazio eta laguntza guztia. Erakusketa, natura, ondarea, mendi txangoak... eskaintza zabala izango du aukeratzeko. Iturraran XVIII. mendeko jatorrizko egurrezko egiturako baserri ederra da eta bisitarientzako harrera gunea izateaz gain, parkearen interpretazio zentroa ere bada.

Eraikin interesgarri gehiago ere badago Laurgainen: jauregi gotikoa, auzoko kaskoan kokaturik dagoena; Gorostiola baserria, teilatua lau uretara daukala, Lakuak monumentu izendatua; eta Agorregiko ola, besteak beste. Ingurugiro anitza duenez, Pagoeta animalia eta landare espezie ugariren bizilekua da.

Nola ailegatu

Zudugarai gainean (Orioko gaina ere deitua) Zarautz eta Orio elkartzen dituen N-634 utzi eta Gi-2631 hartu behar da Aia-Villabona norabidean. 4 km egin eta ezkerretara jo behar da.

Datuak

Aparkalekua 50 autorentzat (parkean autobusentzako parkina ere badago). Mahaiak, parrilla, iturriak, ume jolasak eta komunak.