06 JUL. 2014 «Legend» Markel IRIZAR Trek taldeko txirrindularia Hasi da Tourra Erresuma Batuan, eta espero bezala zoramena izan da. Sekula santan ez dut horrenbeste zale ikusi. 10 bat aldiz bota behar izan behar dut hanka lurrera izan ditugun bide estu hauetan, milaka eta milaka (esaten dutenez, guztira 3 milioi pertsona zeuden) zale zeudela-eta, bidea estutu, eta txirrindulariok pasatzeko lekurik ez genuelako. Egia esan, ikaragarria izan da eta pentsatzen dut telebistaren beste aldetik gozatzeko aukera izan duzuela. Baina gaur, horri buruz idaztera nindoan arren, orain dela 43 urte Berlinen jaio zen gizaseme batek nire zutabearen norakoa aldatzera eraman nau. Jens Voigt Berlingo harresiaren ekialdean jaio zen. Haurtzaro gogorra izan zuen eta 13 urte zituela kirol eskola batean sartu zuten. Urtean 3 bat aldiz ikusten zituen gurasoak, eta bertan bizi, entrenatu eta ikasten zuen. Entrenatu ere basakristau batzuen moduan egiten zuten, eta hori egiteko gai zirenak sekulako motor puska izan behar zuten. Eskola horietako exijentzia maila, bai fisikoki bai psikologikoki ikaragarri altua zen, eta bertatik irten eta arrakasta izan duten txirrindulariak izaera berezia dute. Jensen kasuan, 6 umeren aita izateaz gain, sekulako txirrindulari puska da. Gorputza, hargin batek bere mailu eta zizela direla medio, forma emanda dagoela ematen du. Baina Jensen indarra bere buruan dago. Lasterketatik kanpora ikaragarri goxoa izan arren, lasterketan ikaragarri «agresibo» eta borrokalari bihurtzen da. Gaur, eta ia 43 urte egin dituenean, eguneko lehen ihesaldian sartu, bere ihesaldikideei eraso egin eta, bakarrean kilometro ugari egin eta gero, mendiko maillota eskuratu du. Taldean berekin egon aurretik ere asko miresten nuen Jens, baina orain, bere etxeko zalaparta ezagutzen dudanetik (3 haurrekin badakit nolakoa den; beraz, 6 haurrekin ideia bat izan nezake), eta bere pentsatzeko era nolakoa den dakidanetik, benetan diotsuet, Berlingo harresia zutik balego, Jens, berak bakarrik, daukan buru gogorrarekin ostikoka eta ukabilkada hausteko gai izango zela pentsatzen dudala. 43 urterekin, daukan mentalitatearekin, tropelean eta taldean gauden guztion miresmena merezi du. Bere azken urtean, eta bere azken Tourrean, mendiko maillota soinean duela ekingo dio Tour honetako bigarren etapari. Zaren bezalakoa izateagatik, bejondeizula Jens, gure taldean esaten diogun bezala: you are a legend.