08 JUL. 2014 UDATE | IRUÑEKO SANFERMINAK Emozioa garelako Gaizka Aranguren Irratia piztu eta gizon baten ahotsa entzun dut. Presoek eman omen ez dituzten urratsei buruz ari da. Euskal presoek egin beharreko ez-dakit-zertaz. Gizon horren ahotsak dio presoek ez diotela Espainiar legediak eskatutakoari men egiten. Eta ahots horrek berak dio nahi izanez gero askatasunerako atea ireki daitekeela. Presoak etxerako bidean ez badaude haiek nahi ez dutelako dela. Eta gizon horren ahotsa entzuten dut karrikako Sanferminetako giroa gure etxean sartzen ari denean. Emozioaren unerik berezienean. Eta gizon horren ahotsa gorrotatzen hasi naiz. Eta badakit ez dudala gizon hori gorrotatu nahi. Eta emozioak hasi zaizkit dantzan urdailean, hamarretakoa prestatzen dudan bitartean. Zuriz jantzitako goizean. Erkidegoko orekarena omen da ahotsa. Espainiaren jazarpenaren aitzinean meneko, erraneko, herabe, apal, otzan... Eta haren otzantasun gogaikarria agerian uzten dutenen duintasunaren aitzinean erasokor, oldarkor, harroputz. Zuri-gorriz jantzitako orduetan gara. Emozioen orduetan. Horregatik zaizkit horren zekenak gizonaren hitzak. Horregatik ez dizkiot hatzetatik idazkira atera nahi zaidan txoriari hegalak moztu nahi. Gaur, uztailak 8, ehundaka lagun bilduko da presoen aldeko sanferminetako bazkarian. Alaitasunaren altzotan ez daudenak gogoratzeko unea izanen da. Ez daudenak zergatik ez dauden gogora ekartzeko unea. Derraigun argi. Gure senideak Euskal Herriaren askatasunaren alde jarduteagatik, bonbak jartzeagatik, lan egiteagatik, hiltzeagatik, idazteagatik, borrokatzeagatik daude preso. Askok hil dute. Hainbat hil dituzte. Aunitz bidean hil dira. Bertze aunitzek ez dute inoiz bortizkeria erabili bere helburu politikoen defentsan. Eta, hala ere, preso daude. Izan ere, gure senideak ez daude espetxean egin dutenagatik edo egin ez dutenagatik. Gure senideak espetxean daude zergatiengatik, helburuengatik, xedeengatik. Politikagatik. Askatasun amestuaren emozioarengatik. Sarako Etxeberrik euskaldunon -Hiri Buruzagi- gisa bataiatu zuen karrika hauetatik, gaur, uztailak 8, bihoakizue ziegetan zaudetenoi gure agurrik beroena. Zuengatik altxatzen dugu bertze behin gure kopa eta zuengatik egiten dugugu topa. Osasuna eta askatasuna. Post scriptum: Erkidegoko orekaren gizonak ez digu irribarrea itzaliko. Saldukeriaren kantua ez da erakargarria. Errentagarria bai. Hori bai. Oso errentagarria da. Ezta?