GARA Euskal Herriko egunkaria

Enpresa mintegi berria Baionako Technocite eremuan


Baionaldeko hiriguneak badu enpresa mintegi berri bat. Atzo inauguratu zuten Technocite jarduera eremuan zenbait hautetsik eta ekonomia esparruko zenbait ordezkarik, Patrick Dallennes suprefetarekin batera. Han ziren, Jean-Rene Etchegaray eta Michel Veunac, hurrenez hurren Baionako eta Biarritzeko auzapezak, Sylvie Durruty Akitaniako kontseilaria, Marie-Christine Aragon kontseilari nagusia, Andre Garreta Merkataritza eta Industria Ganberako presidentea eta bertako zuzendari Bernard Darretche.

Aeronautika, industria espaziala eta polimero materialekin zerikusia duten enpresak instalatuko dira bertan irailetik goiti. Guztira 4.200.000 euro kostatu den mintegiak 25 enpresa jasotzeko ahalmena izanen du eta Merkataritza eta Industria Ganberak kudeatuko du. Arduradunen esanetan, hamarka enplegu sortuko dira eta dagoeneko badira hiru enpresa prest beren jarduera bertan abiatzeko.

Gune erakargarria

Laster gehiago instalatuko diren uste osoa du Darretchek. «Konbentzituta nago hiru horien atzetik beste asko etorriko direla. Izan ere, teknologia espazialean, polimero material berriekin eta aeronautikan jarduten duten enpresentzat biziki erakargarria da mintegi hau, arlo horietako enpresak dagoeneko hemen daudelako. Sare espezializatuen esku guneak eta bitartekoak jartzen ahalegintzen gara, elkarlana, trukaketa eta berrikuntza sustatzeko», esan zuen.