GARA Euskal Herriko egunkaria
Frantziako Tourra

Lorentzo, non habil?


Suposatzen dut ez naizela uda atsegin duen bakarra. Nik uste dut denok edo ia denok atsegin dugula praka motzekin eta txankletekin kalera irten, terraza baten eseri eta izozki bat jan edo garagardo bat edatea. Baina horretarako, hau da, tenperaturak gora egiteko, eguzkia behar dugu. Eguzki izpiek, bitaminak, epeltasuna eta bizipoza ematen dizkigute. Izpi horiek bidaltzearen arduradunari, eguzkiari, gure etxean, beste askotan bezala, «Lorentzo» deitzen diogu.

Teorian, Lorentzok txirrindularitzarekin duen hitzordua Frantziako Tourrean izan ohi da. Aurten hala ere, ez dakit Proudhome jaunak ez duen eguzkiarekin kontraturik egin, ala ez duten Frantziara etortzeko gonbidatu. Jada bederatzi etapa egin ditugu, eta oraindik ez dugu eguzkirik ikusi. Ia egunero izan dugu euria, eta giharrak nekatzeaz aparte, pertsiana jaso eta berriz ere euria ikusteak, morala pixka bat jaten dizu.

Garai batean, landak eta ortuak ur beharrean eta sikatea zegoenean, akaso errezatzea ala mojei arrautzak eramatea izango zen sistema onena, baina benetan pentsatzen dut, gaur egunean, euria ekartzeko ez dagoela txirrindulari lasterketa bat antolatzea bezalakorik.

Parisera iristeko oraindik bi aste geratzen zaizkigularik, Lorentzo Karibeko oporretatik noiz etorri zain gaude txirrindulariok. Espero Alpe eta Pirinioak pasatzeko, eguraldi hobea izatea, busti eta kurba bakoitzean lurrera erortzeko beldurrez ibiltzeaz pixka bat nekatuta gaude eta.

Datozen mendiko etapa gogorretarako bakarrik gauza bat eskatuko nuke: euria gelditu eta eguzkia agertzea.

Bien bitartean, bizikletako zapatilak lehortzeko egunkariak ximurtzen nabilela agurtzen naiz, etzi arte.