19 JUL. 2014 Frantziako Tourra Lagun zaharrak Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia Iraganera baino aurrera begiratzekoa naiz ni. Pasatutakoa ahaztu ez dut egiten, baina ez dut atzera begiratzeko ohiturarik, egia esan. Egun hauetan, ordea, altuerako kontzentrazio honetan dudan denbora librea betetzeko asmoz, ordenagailuko memoria arakatzen ibili naiz. Azken urteotako argazki zaharren bilduma potoloa topatu dut. Ama oso argazkizalea izanik, momentuan amorrazio puntua izaten badut ere, gerora konturatzen naiz irudi horien balioaz. Pantailaren gainean klik eta klik artean, 2008an Australiara Tour Under-a egitera joan ginenon argazkiekin egin dut topo, eta, zer diren kontuak! Batzuetan denboraren orratzak oso mantso pasatzen diren irudipena izaten dut, baina, zer bizkor doazen beste batzuetan! Sei urte eta hamaika buelta eman ditu munduak ordutik. Argazkietako lagunetako gutxiengo batek jarraitzen dugu pedalei eraginez ogia irabazten. Nekazaria izatea erabaki zuen batek bizikleta eskegi ostean, ostalaritzara jauzi egin zuen beste batek, negozio-munduan dabiltzanak ere badira, taxi-gidariak, kazetaritza munduan dabiltzanak, etxeko gizonak, masaje-emaileak, enpresa txikiak sortu dituztenak... Guraso izan dira asko eta ile zuriak atera zaizkie gehienei. Ordu asko pasatzen genituen lehen elkarrekin. Egunak, gauak eta momentu garratzak onak bezainbeste. Niri ume aurpegia ez zait askorik aldatu, bizarra tamainan ateratzen zait oraindik, eta pisuz duela hamabost urte baino bospasei kilo gutxiago ditut, baina ilea urdintzen hasi zait niri ere eta naturak zerbait esan nahi didan susmoa daukat. Ez entzunarena egiten diot askotan, baina urteak aurrera doazen seinaleak gero eta agerikoagoak zaizkit; eta luze iraun dezatela, demonio! Gogoan dut, duela bi urteko Giroan, erdi barrezka Gorka Gerrikagoitiak promesa izateari aspaldi utzi niola esan zidanekoa. Belaunaldi berrikoak beraien txanda eskatzen datozela gero eta nabarmenagoa da. Sagan, Kwiatowski, Bardet, Konig, Pinot, Majka, Van Garderen... Sekulako maila ematen ari dira, eta lehen postuetan ikustera ohitzen ari gara, baina beraien jaiotze datari begiratzen badiegu, 90eko hamarkadan jaiotakoak direla ikusteak zer pentsatua ematen dit, egia esan. Baina «ogi gogorrari hagin zorrotz» dio esaera zaharrak. Badira oraindik gerra handia ematen duten zenbait txirrindulari beterano eredugarri tropelean. Urrunera joan beharrik gabe, hor dago Haimar, urtea joan urtea etorri onenen alboan beti. Vuelta irabazi zuen iaz bere taldekide-ohi amerikarrak, eta Voigt-ek ere argi adierazi zuen 75 urtera arte jarraitzeko prest zegoela. Beraz, gazteek ostikoz geure lekutik bota arte, egurra!