21 JUL. 2014 Frantziako Tourra Altuerako egonaldiak Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia Azken urteotan kirolarion artean ohikoa bilakatu da erresistentzia hobetu asmoz, altueran kontzentrazioak egitea. Txirrindularien artean da ezaguna halako egonaldiak egitea, baina igerilariek, atletek edota futbolariek ere, gero eta gehiago egiten dituzte. Gure kasuan, urteko helburu nagusienen aurretik, gutxi gorabehera 2.000 metrora pare bat astez egoten gara jaitsi gabe. Hipoxia egoeran egotea da gakoa; hau da, itsas mailan dagoena baino oxigeno gutxiagoan entrenatu eta bizitzea. Oxigeno gabezia horrek, errendimendua murrizten du hasieran, baina, aldi berean, gorputzak egoera berri horretara egokitu behar du eta, ondorioz, luzera begira, giharretara oxigenoa garraiatzeko ahalmena handitzen da. Esan bezala, gutxienez hamabost eguneko egonaldia izan behar omen da hobekuntzarik nabaritu nahi bada. Gu, Navacerradara etorrita gaude Espainiako Itzulia prestatzera. Madrileko mendate honetan egongo gara Vuelta hasi aurreko astera arte, tartean dauden lasterketak egitera jaitsiko gara, Donostiako Klasikoa edo Burgosko Itzulia adibidez, baina bukatu bezain pronto, berriz altuerara bueltatuko gara. Hemengo eguneroko errutina oso monotonoa da. Ideia bat egin dezazuen. Goizean 07.30 inguruan esnatzen naiz (askotan altuerako loaren kalitatea ez baita etxekoa bezain ona izaten), bihotz taupadak eta gorputzaren oxigeno saturazioa kontrolatzen ditut, eta ondoren, gosaldu aurretik, core-training pixka bat egiten dut gorputz enborra gogortzeko. Gosaldu eta digestioa egin bitartean, Internet bidez munduan eta etxe inguruan zer gertatu den irakurtzea gustatzen zait. Tartetxo hau baliatzen dut, adibidez, GARAko zutabetxo honetan idatz dezakedanari buruz gogoeta egiteko. 10.30 inguruan abiatzen gara entrenatzera eta gehienetan, 16.00 edo 16.30 aldean bukatzen dugu eguneko zeregina. Dutxatu eta askari txiki bat egin ondoren, Tourreko azken kilometroak justu-justu ikusten ditut. Idatzi beharrekoari azken ukitua eman eta atseden apur bat hartzerako, luzaketa batzuk egin eta afaritarako ordua iristen zait. Oso merkeak gara txirrindulariok, konturatuko zinetenez. Gosaltzeko zerealak eta ogi xigortua izaten ditugu batez ere. Ez dugu bazkaltzen, askaritarako indioilar bularkia, atun apurren bat edota jogurta eta fruta izaten ditugu. Eta afaltzeko ere, pasta zuria eta oilasko bularra edota arrainen bat plantxan jaten dugu. Edateko, ura. Punta-puntako zenbait txirrindulariren kasuan, kontzentrazio hauek denboraldi osoan zehar luzatzen dira eta, are gehiago, ezagutzen dut iazko urtean etxean bi egun soilik pasatu zuenik. Sakrifizio izugarria inondik ere, erorketa edo gaixoaldi batek den-dena pikutara botatzeko. Edo gaurko etapako protagonistei gertatu zaien bezala 224.000 metro ihesean egin ondoren azken 20 metroetan tropelak irentsi eta ametsa zapuzteko. Zeresanik ez lan guzti-guztiek dutela bere alde gozoa eta gazia. Gureak ere bai.