21 JUL. 2014 ITSASOA Uste baino gertuago Mediterraneo itsasoan olatuak sarri ez direlako, telebistako kamerak beraiei so dituztelako edo surf egiteak ematen dien plazeragatik, zinez kontent dira surflari palestinarrak. Telebistan agertzen diren irudiek Palestina Marten kokatzen dute, eguzki sistematik at balego bezala, urrun, oso urrun, urrunegi. Errealitatea ordea, bestelakoa da, uste baino gertuago gaude Surflari Ernegatua Tom Sawyer barrabasaren txabola dirudi. Zuhaitz baten goialdean balego bezala, egurrezko egitura batek jasotzen du elkartea hondartzatik metro batzuetara. Handik atera dira hiru morroi beren surf taula zahar eta handiekin. Tilin-talan dantza egiten duten eskailerak jaitsi eta itsasoari so geratu dira non itsasoratu eztabaidan. Bainujantzi higatu bana eta kamiseta kolorgetuak dituzte eguzkiaz babesteko. Ez du ordea, eguzkirik egiten Gazan. Israelgo hegazkinak haurrak akabatzen hasi aurretik egindako azken bideoa da Gazako Surf Elkarteak Facebooken zintzilikatu zuena. Bertan, aipatu elkarteko mutilak agertzen dira Palestinako ur kutsatuetan surfean. Mediterraneo itsasoan olatuak sarri ez direlako, telebistako kamerak beraiei so dituztelako edo surf egiteak ematen dien plazer soilagatik, zinez kontent dira irudietan agertzen diren surflariak. Metro inguruko olatu narrasetan ari dira, baina olatu bakoitza besoak jasota amaitzen dute alderik alderako irribarre batekin, hartzen duten azken olatua izango balitz bezala, eta Gazan, hala baita, azkena izan baitaiteke. Tarteka, protagonistetako batzuk ikus daitezke urertzean kamerari haien esperientzien berri ematen. Mohamed Abo Jayab, Ahmed Abo Hasira eta Mohamed Abu Hassira dira ia hiru minutuko erreportajean hizketan agertzen diren surflariak. Facebooken jarritako bideoaren azpian gero eta gehiago luzatzen den eztabaida hasten da eta bestelako kontuak gailentzen dira. Jendeak idatzitako elkartasun mezuak hor daude. Baita, Gazako Surf Elkarteko kideei Palestinako lurretan dauden tunelak kondenatzeko eskatzen dieten zenbait hippyren mezuak ere. Interesgarria da Israel zaleek erabiltzen dituzten argudioak irakurtzea, hemen eta han, hiltzaileek diskurtso bera erabiltzen dutela ikus baitaiteke. Tunel bat bezalako gauza abstraktu bat kondenatzeko eskatzen diete surf elkarte bati. Elkarteko kide batek, hondartzan erail berri dituzten hiru haurretako bat bere lehengusua zela eta gertatutakoa erakusten duen bideo bat atxikitzen du testu bidezko elkarrizketan eta hippyek kondena eskatzen jarraitzen dute. Surf elkarte batek igotako bideoa ikusten ari naiz eta aldi berean, bideoaren osteko eztabaida jarraitzen dut. Batzuek, esan bezala, elkartasun mezuak igortzen dizkiete Gazako surflariei, besteek kondenak eskatzen dizkiete, eta eztabaidak, gurean sarri izaten diren kalapiten antz handia hartzen du. Begiak gora, surflariak olatu gainean, begiak behera, eztabaida kafkiano bat. Eta horretan nagoela, hara non agertzen den bideoko hizlarietako bat Pukas surf taula batekin. Bitxia izan da, harridura sorrarazi dit, izan ere, telebistan agertzen diren irudiek, Palestina, Marten kokatzen dute, eguzki sistematik at, urrun, oso urrun, urrunegi, haietaz arduratzeko. Errealitatea ordea, bestelakoa da, zeren kilometrotan edo funtsezko eztabaidetan, uste baino gertuago gaude. Besarkada bat beraz Gazako Surf Elkarteko lagunei.