25 JUL. 2014 UDATE BETE Kasualitatea Onintza Enbeita Ez daukazu bera ikusteko gogorik. Ez duzu aspaldi ikusi, baina ez daukazu berari kontatzekorik ezer. Ez zara harekin gehiegi gogoratzen normalean. Sasoi batean harreman estua izan zenuten, baina orain hoztuta dago. Ez daukazue esateko ezer, ez daukazue elkarri ezer kontatzeko gogorik, ez dago txisparik eta gutxiago emoziorik. Badakizu, lehen elkarrekin joaten zineten lekuetan topa dezakezula, baina ez diozu deitzen joaten zarenean. Zertarako? Elkartu orduko agur esateko aitzakia baten bila ibiltzeko? Askoz hobe da gauzak bere horretan uztea. Badakizu elkarrekin amestutako proiektuak zure kabuz egin beharko dituzula. Eta, hala ere, gutxien nahi duzun egunean, topo egiten duzu berarekin: lehen potea hartu orduko. Jendetza izugarria dago, baina egon da zu noiz etorriko, eta jakina, ikusi egin zaitu. Ez daukazu ihes egiteko tarterik; ez da dotorea kasurik ez egitea. «Zer egiten duzu hemen?», esan dizu. «Badakizu, betikoa, bueltatxo bat ematera, jotzen duen taldea asko gustatzen zait eta!», atera zaizu. «Nahi duzu garagardo bat?», erantzun dizu berak. Ezetz erantzun nahi zenuen, baina baietz esan duzu. Barrara joan da, eta kontzertura lagundu dizun lagunari begiratzen diozu, «barkatu! Ez dakit honetatik nola atera!», esanez bezala. Lagunak hau erantzun dizu: «Lasai neska! Nahi duzunean alde egingo diogu». Ez duzu ezer esaten, baina badakizu lehen hamabost minutuetan ez baduzu jakin, gero ere ez duzula jakingo nola ihes egin. Eta horrela, normalean baino lehen joango zara etxera, udako parranda bat izorratu zaizula pentsatuz, ikusi nahi dituzun guztiak berak uxatu dituela susmatuz. Ikusi nahi duzu. Beti gogoratzen zara berarekin. Eguneroko edozein gauzatan pentsatzen duzu berak zer egingo lukeen. Telefonoan bere izena ikusten duzun aldiro, irribarre zabal-zabalarekin erantzuten diozu. Gehiago: aitzakia bila ibiltzen zara edozein huskeriagatik berari ez deitzeko, eta motibo ona duzunean deitu egiten diozu. Apenas daukazue elkarrekin joandako lekurik, baina bera egongo dela uste duzun lekuetara joaten zara, eta beste nonbait zoazenean, «etorriko ote zen?», pentsatzen duzu. Eta, halako batean, bigarren tragoa hartzen zaudela idatzi egiten dizu: «Hemen ikusi zaituztela esan didate. Nun zaude?». Bihotzak taupa-taupa egiten dizu, eta «Lagun Etxean» erantzuten diozu. «Gu oraindik beheko kalean gaude, igotzean deituko», eta txitean-pitean ateratzen duzu telefonoa poltsikotik. Hain justu ere, koberturarik ez zeneukan taberna bakarrean zaudela deitu dizu, eta deitu diozunean bera dago koberturarik gabe. Kaka zaharra. ET baino gehiago luzatzen duzu lepoa kalean, baina ez dago haren arrastorik. Mezua botatzen diozu: «Beheko kalerantz goaz, zerbait jatera. Badakizu, batzuk gosetu egin dira!». Erantzuna ez zaizu batere gustatzen: «Justu oraintxe igo gara gorantz. Berriz igotzean deitu!». Pixka bat etsi egiten duzu. Jada berandu da. Orduak dira telefonoarekin bueltaka ari zarela, eta lepoko mina daukazu alboetara hainbeste begiratuta. Gau osoa horrela joan da. «Etxerantz noa», idatzi dizu; «hurrengoan izan beharko du». Halako aurpegi tristedun panpina bat jarri dizu, eta zuri are eta aurpegi tristeagoa jarri zaizu. Kobertura izan banu, lehenago deitu izan banio, mezuak bota ordez deitu izan banio, laguna bakarrik bidali banu afaltzera... alferrik da. Modu bakarra dago kasualitatez norbait ikusi ahal izateko: ikusi nahi ez izatea.