26 JUL. 2014 UDATE | Baionako Bestak Baioneta sotoan utzita MAREXALA Kasu, kasu, utzi pasabidea libre Leon erregearen gorteari». Urtero lelo berarekin ibili behar. Gero eta ozenago eta maizago errepikatu beharra dago, gainera. Izan ere, egunero Albert I.a ikastetxetik herriko etxerainoko bidea luzeago egiten zaigu, Leon erregea iratzartzera jiten den jendetza urtero emendatzen doalako. Marexal lana nekeza baldin bada ere, giro onean egiten dut eta aitzinean doazen gaiteroek bidea zabaltzeko laguntza paregabea ekartzen didate. Aitortu behar dut, halere, nire kide polizia eta jendarmeen lanarekin alderatuta, neurea errazagoa dela. Hori bai, bitartekoak ere arras apalagoak ditut. Pentsa, jaietako segurtasuna bermatzeko, 500tik gora poliziak egiten dute lan egunotan. Horietako batzuk festazalez jantzita dabiltza karriketan jendearen artean nahasturik. Beste batzuk berriz, uniformez ikusten ditut.Hiriko sarrera eta irteeretan, berriz, 130 jendarme txandakatzen dira gau eta egun, autoetako gidariak bidea hartzeko baldintza egokietan daudela egiaztatzeko. Han-hemenka, estrategikoki gune `beroenetan' kokatutako 22 kamerak behatoki berezian dauden polizien begiak izaten dira. Segurtasunaren aitzakian gizarte-kontrola ere ahalbidetzen dutelakoan, neurri horrek kritikak eragin ohi ditu. To! Nik jarriko nituzke Baionara trumilka datorren jendeak sortzen dituen arriskuak kontrolatzen! Bueno, egia da duela zortzi urtetik hona, besteak beste «Jaia ederragoa izan dadin» dispositiboari eta urtero egiten den lan pedagogikoari esker, giroa asko hobetu dela eta Baionako besten sona txarra txikitzen ari dela. Esandakoa. Nire aguazil eginbeharra askoz samurragoa da eta nire lan-tresnak ere ez dira horren sofistikatuak. Lapurdiko hiriburuan sortutako baioneta aspaldian utzi nuen kasernako sotoan. Alta, nire lana seriosa denez, beharrezko errespetua eragiteko badut berariazko arma ezin hobea: nire «mustatxoia»!