08 AGO. 2014 UDATE BETE | Ibilaldi proposamena Barnealdetik kostaldera herritar giroaren bila Gasteizko «kale bizitza» erakustea; horixe, Karmele Jaiok proposatu duen ibilbidearen funtsa. «Helburua egunerokoan gasteiztarrek dugun aisialdia konpartitzea da», azaldu du, bazkalaurreko poteoa eta ilunabarrekoa nabarmenduta. Bisitariak itsasbazterrera eraman gabe ez luke etsiko, ordea, eta bereziki Lekeitio erakutsi gabe. Etxean bezala sentitzen da bertan, eta herriaren giroa, edertasuna eta nortasuna mantentzeko gaitasuna goraipatu ditu. Maider EIZMENDI Gasteiz barrunbeetatik ezagutzen du, eta hori dela-eta, hiriburuan ibilalditxoa egitea proposatu diogu. Bisitarien ezaugarri eta nahiak kontuan hartzea beharrezkoa dela onartu du, baina inondik abiatu beharko balu, Gasteizko eraztun berdera eramango lituzke, hiriko «altxorretako bat» dela uste du-eta. «Ariketa pixka bat egiteko gogoa duen edonorentzat oso atsegina da bertatik bizikletaz ibilalditxo bat egitea». Gasteizko edozein lekutatik pixka bat irtetea nahikoa da gisa horretako bideak eta naturgune ederrak topatzeko, eta hori, Jaioren iritziz, estimatzeko modukoa da. Hutsik egingo ez lukeen tokia, ordea, Alde Zaharra da. «Nire helburua gure egunerokoan dugun aisialdia konpartitzea da. Bisitariei kale bizitza erakusten ahaleginduko nintzateke, zalantzarik gabe», dio Jaiok. Alde Zaharreko giroa Horregatik, eguerdi partean eta bazkaldu aurretik ardotxo batzuk edatera eramango lituzke. «Badira taberna atseginak, Toloño edota Kupela, esate baterako». Bazkaltzeko ez luke apenas pausorik emango: «Niri asko gustatzen zait Albendiz taberna bazkaritarako, oso etxeko janaria eskaintzen dutelako. Gomendioa egingo nuke gainera, niri bereziki gustatzen zaizkidalako bertan prestatzen dituzten babarrun zuriak txirlez lagunduta». Kazetari eta idazleak bazkalostean kafea hartzeko gune lasai eta ederrak ezagutzen ditu eta bertan bazkaria pausatuta, berriz ere, arratsaldeko poteora eramango lituzke bisitariak Kutxi kalera. «Ziur nago oso nekatuta amaituko dutela nire bisitarekin», aipatu du barrez, ohiko lekuetatik aterako lituzkeela nabarmenduta: «Bisitaria ezagutzen duen inor izan gabe etorriko balitz hiriburura, turismo bulegora joango litzateke, eta bertan esango liokete zer ikusi, eta badira gauza asko gainera. Nik gasteiztar batek jai duen egun batean egingo lukeena erakutsiko nioke», laburbildu du. Baina, ikusteko zerbait aukeratu beharko balu, argi du: katedral zaharra bisitatuko luke. «Ni, inor etorri gabe ere, joan izan naiz bisita hori egitera, ederra delako oso». Itsasora gerturatu Gasteizko bazterrak erakutsita, Jaiok ezin du inondik ere Euskal Herriko beste txoko batzuk erakutsi gabe ibilaldia amaitu. Lekeitiora bisita egitearen tentazioari ezin dio eutsi. «Nik bisitariak zalantzarik gabe itsasora eramango nituzke», nabarmendu du. Eta itsaso bazterrean, zalantzarik gabe, Lekeitio hautatu du: «Niretzako herri berezia da, familia guztia bertakoa delako eta bertan etxean bezala sentitzen naizelako; baina bestela ere oso herri berezi eta polita da; giro ederra duena eta nortasuna bere horretan mantentzen jakin duena». Kaia bera erakutsiko lioke, eta bertako tabernak. Eta lasai egotekotan, Zubietako hotela. Baino txoko kuttun bat badu: Lekeitioko Tala. «Oraindik ere bertara iristen naizen bakoitzean geldialditxoa egiten dut bertan; itsasoa ikusteko gogoa izaten dut eta hura ikusiz arnasa hatzekoa». Horregatik zalantzarik gabe bisitariei proposamen bera egingo lieke. Berriz ere Gasteizera bueltan, Urkiolan egingo luke beste geldialdia. «Tipikoa izanik ere, handik ibilalditxoa egin eta bertako bistak ikustea ederra da, Anboto mendiaren ikusgarritasuna esaterako». Fitxa Jan eta edateko: Gasteizko Alde Zaharretik atera gabe egingo lituzke bazkalaurreko poteoa, bazkaria eta ilunbarreko poteoa. Bisitan: Gasteizko «altxorretako bat» dela uste du eta bisitariari zalantzarik gabe erakutsiko lioke hiriburua biribiltzen duen eraztun berdea. Proposamena: Itsasora gerturatu gabe ezingo luke etsi. Lekeitio aukeratu du Gasteiztik kanpora bisitatzeko.