10 AGO. 2014 Harri-jasotzea | Igeldo Harria Eizmendik ezustea eman eta markarik onena egin du Zarauztarrak hamaika jasoaldi egin zituen, Izeta II.a faboritoak baino bat gehiago. Jon LEUNDA Jokin Eizmendik ezustea eman eta berak irabazi zuen atzo, Donostiako Trinitate plazan, Igeldo Harria Txapelketa. Zarauztarrak 12 jasoaldi lortu zituen, eta faborito nagusiak, Izeta II.ak, 11 aldiz jaso zuen harria bere bizkarraren gainera. 139 kiloko harri baldarra, arrautzaren itxurakoa, erabili behar izan zuten kirolariek, eta lanerako bost minutu izan zituzten. Gainera, esku garbiekin aritu behar izan zuten kirolariek, eta jantziak ere tela hutsekoak izan behar zuten, inongo gomarik gabe. Horrek gauzak dezente zaildu zizkien kirolariei, harria irristakorra baitzen, eta denak ez ziren nahi bezain ongi moldatu. Begirik gehienak Izeta II.ari begira zeuden, baina aiarrak ez zuen bere egunik onena izan eta 11 aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean. Berak ere ez zuen bere jarduna gustura amaitu, eta Eizmendik aurre hartuko ote zion errezeloa agertu zuen bere lana amaitu bezain azkar. Aiarra ez zebilen oker, eta horrelaxe gertatu zen. Izetaren aurretik, berriz, Ugartemendia eta Maiza aritu ziren. Aurrenekoak jasoaldi bakar bat lortu zuen, eta sailkapenean azkena geratzeko bakarrik balio izan zion, inork ez baitzituen berak baino jasoaldi gutxiago egin. Maiza, berriz, berria da, eta aurreneko aldia izateko nahiko ongi aritu zen; hiru aldiz berdindu zuen harria bizkarraren gainean, eta oso gustura amaitu zuen saioa, nahiz eta azken-aurreko geratu zen. Aiarraren atzetik Otaegi aritu zen, eta berak oso lan ona egin zuen, sei aldiz jaso baitzuen Igeldoko harri baldarra. Ondoren iritsi zen Telleria II.a. Honek hamar aldiz berdindu zuen harria eta Izeta II.a asko estutu zuen. Hala eta guztiz ere, gehiago lortzeko denbora ere bazuen, minutu bat geratzen baitzitzaion hamargarrenez jaso zuenean, baina ezin izan zuen besterik lortu. Txapelduna Bi harri-jasotzaile geratzen ziren saioa amaitzeko, eta Izeta II.aren marka zen artean arratsaldeko markarik onena. Aimar Galarragak ere oso lan txukuna egin zuen, baina bost aldiz jaso zuen, eta Eizmendi bakarrik geratzen zen Izeta II.a mendean har zezakeena. Zarauztarrak oso lan ona egin zuen, eta bere helburua bete zuen. Ederki eraman zuen erritmoa, eta irabazteko zer egin behar zuen jakiteak ere ez zion inolako kalterik egin. Azkenean hamabi jasoaldi eman zizkion, eta horrekin txapela lortu ahal izan zuen. Gauza bitxia ere izan zen; izan ere, Ugartemendiak jasoaldi bakarra lortu zuen, 13 aldiz ere jasota dagoenean. Alabaina, baldintza berrira ez zen inoiz egokitu, eta ahalegindu baldin bazen ere, harriak irrist egiten zion, eta amaieran jasoaldi bakar horrekin konformatu behar izan zuen. Horrenbestez, ezin izan zion azken postuari ihes egin. Zaleek berriro ere protagonismoa izan dute Oraingoan ere zaleek ez zuten hutsik egin eta 700 ikusle inguru batu ziren atzo arratsaldean Donostiako Trinitate plazako harmailetan. Igeldo Harria Txapelketa zaleen egutegian gorriz markatuta dagoen egun horietakoa da, nahiz eta aurten data aurreratu egin den. Hala ere, jende ugari joan zen harri-jasotzaileak ikustera, nahiz eta ez zen azkenaldiko saiorik onena izan. Datorren ostegunean, berriz, leku berean Urrezko Kopa jokatuko da, eta bertan joan den urteko Euskal Herriko aizkolarien Txapelketan aritu ziren bost aizkolaririk onenak neurtuko dira. Orduan ere harmailak betetzetik oso gertu izango dira. J.L.