GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Pertsonak


Laguna eta biok Cabo de Gatako kala erdi galdu batean, zibilizaziotik urrun, larrugorritan bainatzeko eta erlaxatzeko asmoz. Egun, baina, ia ezinezkoa da bakardade osoa aurkitzea; are gutxiago, naturak gizakioi oparituriko lekurik zoragarrienetan. Ondorioz, han ginen laguna eta biok eta gizon andaluziar bat, larrugorritan bera ere. Pozarren ageri zen egunak helarazitako emakumezko bizilagunekin, bere begiradaren gozamenerako eskaintzen genion irudiarekin, eta, inguruaren gaineko bere jakinduria partekatzeko irrikan, jo eta su hasi zitzaigun berbetan, arroken artean gure gauzen antolaketan laguntzearren aholku ematen eta, ahal zuen guztietan, lausenguak botatzen. «Gureak egin du!», neure artean, «adineko gizon andaluziar jator bat ondoan nesketan egiteko gogotsu».

Oro har emakumezko euskaldunok fama txarra badugu ere, alegia, zakar eta serio ospea, tontakeria gutxikoak, maitasun-jolas arinetarako ere pikatxoi eta palaz landu beharrekoak, laguna eta biok irekiak gara, jatorrak, abenturazaleak... beraz, egoera kontuan hartuta ahalik eta manera onenekin berriketa saihestu beharrean, aukera eman genion gizonari bere grazia andaluziarrari bide eman ziezaion, barre apur bat, behintzat, egingo genuelakoan.

Zer diren gauzak, gizonezkoen espezieko harribitxi hutsa suertatu zen Luis Miguel jauna: irtirina, oso adeitsua, kuriosoa, losintxari puntu egokikoa eta, batik bat, gure zorte onerako, benetan dibertigarria. Algaraka, malkoak begietan, beste behin berretsi nuen ez dagoela mundu honetan gauza sano eta ederragorik pertsonak gogotik barreka ikusi eta entzutea baino. Hartu genuen bainua, erre genuen zigarro bat edo beste, partekatu genituen garagardo batzuk eta, konfiantza hartzen hasita zegoenean, lagunak eta biok alde egin genuen, gauean San Josen elkartzeko gonbidapenari iskin eginda... gehiegi tenkatzea ez baita gauza ona izaten.

Halere, kasualitate hutsez, Luis Miguelekin egin genuen topo aipatu herrian, ez dena txiki-txikia eta jendez gainezka dagoena. Ezin sinetsirik, eta gure harridurarako topaketagatik benetan alai, terraza batean jesarri ginen Luis Miguelekin ustez hondartza eta herri bitxiei buruz hizketan segitzeko eta lore gehiago jasotzeko. Baina adineko gizon andaluziar jatorrak bazituen bere ezinegonak, sozialak batez ere, bazituen bere arazo eta igurikimenak, eta eztabaidatzeko gaitasuna, iritzi zorrotz eta garbiez gainera. Giza eboluzioaren gaineko hausnarketan murgilduta bukatu genuen lagunak eta biok eta gizonak. Amaierarako, «la evolución del hombre» esan beharrean, aurrerantzean «de las personas» esango zuela hitz eman zidan, sekula otu ez zitzaion kontua zela aitortuta. Une batez, geure iritzi eta esanetan hain interesaturik, elkarrizketan hain kateaturik, geure edertasun fisikoa gorestea ere ahaztu zitzaion.

Luis Miguel, niretzat, bi gauzaren oroitzapen izango da: emakumeok ere baditugula desegin eta berregin beharreko aurreiritziak, batetik, eta zure oso bestelakoa denak ere oparitu ahal dizkizun une ahaztezinenak, bestetik. Agian, hirugarren batena ere bai: zein ederra den nork bere burua, barrutik zein kanpotik, den bezala onartzea eta maitatzea.