GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Itxi begia, Mendia


PSEko idazkari orokorra -edo nagusia, edo orokor nagusia...- izateko hautagaitzak bultzatuta, akaso, isilik egoteko beste aukera paregabe bat galdu du Idoia Mendiak. Gabriel Arestiren «Zorrotzako portuan aldarrika» poemako bertso bik iradokita, «Beti paratuko naiz pertsonaren alde» izenburuko artikulu mamitsua eskaini berri digu bere blogean.

Artikuluan idatzi ez duen arren, ez baitzuen beharrezkoa, aise irakurtzen dugu euskaraz bizi dena edo bizi nahi duena ez dela inoiz pertsonaren alde ipiniko. Sendagile euskalduna erdalduna bezain profesional, trebe edo eraginkorra ezin izan litekeen era berean.

Eman lezake euskara, Espainiaren ondare omen den hori, Estatu eskuzabalak emandako oparia dela. Eta euskararen gastua gutxitu egin behar da, dio Mendiak, gaur egun lehentasunak beste batzuk dira eta. Lehentasun horien artean gaztelania dago, jakina, blogariak halakorik ez dioen arren, ez baitu zertan esan. Gaur egun euskararen egoera ez omen da orain dela hiru hamarkadakoa, eta gaztelaniarena berdintsua denez, hizkuntza horren aldeko diruari eutsi egin behar zaiola esatea falta zuen. Baina ez zuen zertan esan, gaztelania sustatzeko baliabideak ez baitira inoiz albiste izaten. Eta eman lezake ez dutela xentimorik ere bideratzen gaztelania babestera. Hala ematen du, hala eman dezan arduratzen direlako. Baina gaztelania sustatzeko ere gastatzen da dirua (ez dakigu Mendiari asko edo gutxi iruditzen zaion). Eta diru hori euskaldun gehienona ere bada.

Euskara, beraz, orain ez da lehentasuna. Orain? Noiz izan du PSEk euskara lehentasun? Oker ez banago, PPk izan duen garai berean.

Ondo daki Mendiak diru asko xahutu dela euskara irakasten. Xahutu, bai. ETAk bere jardun armatuaren amaiera iragarri zuen egunean Estatu Batuetan bidaiari zebilenaren Gobernuko bozeramaile izan zen garaian, behinik behin, lehentasuna balitz bezala zarrasteldu zuten dirutza euskara irakasteko. Ikasteko denbora ez bezala.

Aresti horren gogoko izanda, beste bertso hauek -Mendiaren aspaldiko alderdikide bati eskainiak- gogoraraztea zuen: «Cierra los ojos muy suave/ Meabe/ Pestaña contra pestaña/ solo es español, Meabe/ quien sabe/ las cuatro lenguas de España».

Eta haien erdiak, halaber, «Frantziakoak». Gertatzen da, ordea, Frantziak bezala, Espainiak «bere» hizkuntzetako bat besteak baino maiteago duela. Bat baino ez duela maite, alegia.