15 AGO. 2014 UDATE BETE | Ibilaldi proposamena Lekeitio, itsasotik eta lehorretik bizitzea merezi duen herria Bizkaiko kostaldeko harribitxia da Lekeitio Alex Sarduirentzat. Ez du bertatik atera beharrik primerako egun-pasa egiteko eta, lerro hauetan, bere pausoen atzetik ibiliko gara Lea-Artibaiko arrantzale herri honetan. Portuan hasi eta Zuloa tabernan eta garagardo artean amaituko dugu eguna. Ea ibilbidea amaitu aurretik aurkitzen dugun Lekeition sartzean Sarduik sentitzen duen bakea. Amalur Artola «Bizkaiko kostalde guztia!», aukera emanez gero, horixe hautatuko luke Alex Sarduik ibilaldi eder bat egiteko, baina, oso mendizalea ez dela aitortu eta gero, Lea-Artibain geratzea erabaki du: Lekeition zehazki, bakea ematen dion herri arrantzalean. Bertatik atera gabe ibilaldi ederra egiteko modua dagoela ziurtatu du Gatibuko abeslari gernikarrak, baita beretzat oso leku berezia dela ere. «Nola ez da izango, taldea hangoa bada! Lekeitiora heldu eta bakea sentitzea bat izaten dira niretzat. Gura duzun oro duzu han; portua, hondartzak, mendia... Paseo bat emateko zoragarria da, baita zerbait hartzeko ere», eta, ezer atzean uzteko asmorik ez duenez, oinez hasi eta taberna zuloan nahi -edo ahal- bezala amaitzeko proposamen borobila prestatu du. Ibilbideak, ezinbestean, Lekeitioko portuan du irteera, herriari nortasuna eta izaera ematen dion esparruan. «Portutik hasiko nintzateke, leku benetan polita delako eta handik hasita herri guztia ikusteko aukera dugulako». Hala sumatuko du bidaiariak Lekeitiok baduela «zerbait berezia», Sarduiren iritziz kanpotarra ere bertako sentiarazten duena: «Guretzat oso leku kuttuna da, eta egia da baduela iritsi bezain laster bertako sentiarazten zaituen `zera' bat, baretasuna ematen dizuna». Itsasoari begira bizi den herria izanik, goiza hala ematea proposatu du Sarduik: itsasoari so. Portua ikusi eta «herritartu» ostean, Garraitz uhartera bidean jarri ditu ibiltariak. «Marea behean dagoenean bada uhartera oinez joateko modurik eta paseo benetan polita da, merezi duena. Baita uhartea bera ere. Handik Lekeitiori begiratzen diozunean konturatzen zara zein ederra den, ikuspuntu berri bat hartzen diozu», ziurtatu du. Baina, adi: Lekeitiori begira liluratuta geratzeak dakartzan arriskuez ere ohartarazi du: «Kontuan hartu mareak gora noiz egiten duen, bestela han harrapatuta geratzeko arriskua dago-eta!». Portutik uharterako joan-etorriak gosetuta, alde zaharrera itzuli eta, bertako jendearekin nahastu eta pintxo pare bat janez, herria ikusteko unea da. Baita historia apur bat ezagutzekoa ere: Resureccion Maria Azkue idazle eta kulturgilea bertan jaioa dela ekarri du gogora Sarduik, baita Santi Brouard mediku eta politikari abertzalea ere, arkitektura gustuko duenak Lekeitioko eliza bisita dezakeela gaineratu du eta ez legoke soberan portu horretan horren garrantzitsua izan zen balearen harrapaketaren ingurukoak ezagutzea. Kasu honetan, norberak egin dezala bere interesen araberako hautua. Bazkaritarako bai, horretarako erdialdetik apur bat urrundu eta Oletara, Lekeitiotik 2,5 kilometrora dagoen auzunera joatea proposatu du Sarduik. «Portuan ere ondo jaten da, baina han badaude bizpahiru jatetxe benetan ondo ematen dutenak eta ez direnak bereziki garestiak». Gernikarrak ez du horietako bat hautatu nahi izan, baina, doan jatetxera doala, ibiltaria gustura irtengo dela baieztatu du. «Batez ere arraina eskatzen badu, eta garaian garaikoa. Arrain freskoa eta bertakoa nahi duenak ez luke aukera galdu behar». Sabela beteta, digestioa egiteko berriro ere paseoan aritzea gomendatu du. Eta, goizean itsasoan aritu bezala, arratsaldea mendiari eskainia egongo da: «Han inguruan bada hiru gurutze dituen menditxo bat, ibilbideak egiteko paregabea». Sarduiren ibilbidea ez da iluntzearekin batera amaitzen. Berriro ere herriko karriketan galtzeko gomendioa egin du Sarduik, baina, oraingoan, herritarrekin nahasteko. «Jende jatorra, sanoa dago herrian, merezi du hori ere ezagutzea», ziurtatu du, eta azken tragoak Zuloa tabernan hartzera animatu ditu bisitariak, «rock pixka baten bila. Zuloa ezaguna da inguruko rockzaleen artean, giro ederra egoten da eta... batek daki handik noiz irtengo garen!». Fitxa Portua: Lekeitioko arrantza portua Euskal Herriko garrantzitsuenetakoa da egun eta historian zehar lotura zuzena izan du balearen harrapaketarekin. Garraitz uhartea: Badia txiki baten mendebaldean dago kokatuta Lekeitio, itsasoaren babesean, eta badia horren erdian dago Garraitz edo San Nikolas uhartea. Itsasbeheran oinez joateko modua dago. HERRI GIROA. Alde zaharreko karrika eta tabernetan ezagutzen da benetako Lekeitio. Herritarrekin nahasi eta bertako historia eta ohiturak ezagutzeko aukera aparta da. Baita belarriak findu eta euskalkia aditzekoa ere.