16 AGO. 2014 Udate Jatekoak (I) Estibaliz EZKERRA Idazlea Kultura bat barru-barrutik ezagutzeko haren jakiak dastatzea bezalakorik ez omen dago. Uste arras zabaldua da hori, eta Euskal Herrian badakigu zeozer janariaren eta kulturaren arteko loturaz. Euskal sukaldaritza eta sukaldariak (emakume gutxi haien artean, bide batez esanda, Euskal Herriko etxe gehienetan sukaldea emakumeen eremua izan denean) munduan ezagutzera ematen ibili gara, Basque Culinary Center-ekin errazagoa izango den zeregina. Frankfurteko liburu azokara Idiazabal gazta ere eraman dugu (irudika dezaket euskal literaturari eskainitako erakusmahaiaren arrakasta, gaztagatik, jakina). Aitortu behar dut gazten eta liburuen arteko harremanak ihes egiten didala. Sabela beteta literatura hobeto sartzen delako ote? Steven Spielbergek eta Oprah Winfreyk elkarrekin (a zer beldurra!) ekoitzi duten filma, «The Hundred-Foot Journey», harantzago doa. Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko gaizki ulertzeak berehala konponduko lirateke bakoitzaren sukaldaritzaren dohainak kontuan hartuko balituzte, hala erakusten du filmak, non Helen Mirrenek (zergatik?) Frantziako sukaldaritzan espezializaturiko jatetxe bateko zuzendari snobaren rola jokatzen duen eta Om Purik (zergatik?) Indiako sukaldaritzan aditua den familiako buru ahoberoarena. Frantziako sukaldaritzarekin lotura duena snoba delako eta Indiakoarekin duena, berriz, ahoberoa. Legez eta naturaz. Baina behin batak bestearen jakiak dastatzen dituztenean, beraien arteko aldeak desagertu eta adiskide egingo dira, per secula seculorum. Indiako lagun bat sutan jartzen da Mendebaldekoek bere herrialdeko janaria mina dela esaten diotenean.