GARA Euskal Herriko egunkaria
UDATE BETE

Itzulera


Agorrila badoa. Ez zaio askorik falta amaitzeko. Asteburu bat gelditzen zaio azken kartutxoak erre nahi dituenari. Abuztuko egunak joan ahala, jendea hasi da itzultzen. Umeek eskolara itzuli behar dute laster, eta hasi dira gurasoekin entseguak egiten: oporretan zer egin duten, non egon diren, zenbat aldiz egin duten lo amonaren etxean, barraketan zenbat aldiz ibili diren, nongo jaietara eraman dituzten, hondartzan zenbat gaztelu egin dituzten... gauza asko daukate eskolan kontatzeko, eta ez da erraza nondik hasi asmatzea. Honezkero, bat baino gehiago egongo dira buruan mila datu nahastuta. Ez da lan makala eskolara heldu eta leku izen guztiekin gogoratzea. Norberari ere kosta egiten zaio askotan!

Nerabeak bueltatuko dira institutura eta gazteak, unibertsitatera. Klaseak, irakaslea, ikasgaiak, aurreko kurtsoko maitasunak, maitasun berriak, liburuak, konplexuak, koadernoak, modako serieak, kontzertuak... etapa berria hasten zaie. Jadanik iaz baino urtebete zaharragoak dira, benetan. Orain bai, orain kurtso bat gorago daude. Unibertsitatera joatean zer ikasi pentsatu dute batzuek, eta besteek karrera amaitzen dutenean ze kristo egingo duten kalkulatu beharko dute. Argi baitago gaur egun lanerako aukerak ez direla ugariak. Gazte askok oporrak amaitzearen pena izango dute honezkero. Iraileko aldapa abuztu amaieran hasiko zaio bati baino gehiagori: iaz suspenditu ninduen irakaslea tokatzen bazait berriro? Ez daukat batere gogorik klasean berarekin egoteko.

Lana dutenak lanera bueltatuko dira datorren astean, edo hurrengoan. Lanik ez dutenak lan bila hasiko dira berriro: udan ez diete ia bulego batean ere aterik zabaldu. Lanera itzultzen direnek oporretan non izan diren kontatuko dute, ze eguraldi eskasa egin duen Euskal Herrian, zenbat kilo hartu duten jaietan jan eta edan... betikoa. Lanik ez dutenek inbidia izango dute lankiderik ez dutelako betikoa kontatzeko, eta udan egin ezin izan dutenaz gogoratuko dira. Lana eta sosak elkarrekin baitoaz askotan. Denak itzuliko dira, hala ere: lantegira, bulegora, baserrira, eskolara, epaitegira, ileapaindegira edo Lanbideko bulegora. Hamaika hilabete luzeko periploa hasiko dute berriz ere.

Erretiratuak ere bueltatuko dira egunerokotasunera. Jendeak oporrak dituenean, bete egiten zaizkie normalean eurentzat izaten diren lekuak eta orduak: hondartzak hustu egingo dira eta oraindik eguraldi ederra egin dezake, Kultur Etxeko ikastaroak berriro hasiko dira, goizetan esertzeko lekua egoten da kafetegietan, erreka bazterreko paseoetan ez dabil inor, obrak berriro hasiko dira ikusi nahi dituenarentzat... bai, lanik ez dutenentzat ere, iraila, iraila da.

Egutegietan urtarrilaren 1a da urteko lehenengo eguna, baina urtea, gurea, benetakoa, irailean hasten da. Urtarrilean baino promesa gehiago egiten ditugu irailean: aurten ez dut paperik galduko halakorekin edo besterekin, neguan argaltzeko aprobetxatu behar dut udan dotore egoteko, egutegiko urtea amaitu baino lehen kotxea garbitu behar dut... irailean jendeak opor osteko estresa izaten du, berriz ere hasteko pena. Akaso, ez guztiek: erretiratuek ez hainbeste. Irudipena dut, erretiratuei, adin batetik aurrerako pertsonei, gustatu egiten zaiela joan eta etortzea, etapak itxi eta irekitzea. Arrazoia dute: itzultzen garen artean, berriz ere joateko aukera hortxe daukagu.