GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Yolanda Arrieta
Idazlea

«XVIII-XIX. mendeko emakume aktiboa izan zen Bizenta Mogel»

Beste hainbat emakume sortzailerekin gertatu bezala, Bizenta Mogelen izena Joan Antonio osabari lotuta ageri zaigu literatura liburuetan. Azaltzen denean, nahiz eta liburu bat euskaraz idatzi eta argitara eman zuen lehen emakumea izan («Ipuin Onac», 1804). Bizenta Mogelen biografia fikzionatu du Yolanda Arrietak, garai hartako testuinguruan kokatuz, «Argiaren alaba» liburuan. Bi urteko lanaren emaitza da.


Yolanda Arrietak (Markina, 1963) garbi dio: «Literatura klasikoan izen handienak gizonezkoenak izan dira». Horregatik, Bizenta Mogelengan (Azkoitia, 1782- Abanto 1854) jarri du argi-fokua. Garai hartan emakumeek ez zuten irakurtzen, are gutxiago idatzi, eta zer esanik ez, euskaraz. XVIII-XIX. mendeko emakume aktiboa aurkeztu du «Argiaren alaba» eleberrian. «Iraganean ere izan dira andrazko aktiboak. Baina nork kontatu du historia eta nork kontatu du euskal literaturaren tradizioa? Ikasteko aukera zeukatenek, abadeek; beraz, gizonezkoek», bota du.

«Ipuin Onac» euskarazko lehen fabula-liburua. Bera nabarmendu da Bizenta Mogelen lanen artean.

Orain arte bai. Baina Xabier Altzibarrek idazle klasikoen inguruko tesia egina dauka eta garrantzia handia ematen die Bilbon idatzi zituen bertsoei ere. Gabonetako bertso-paperak egiten hasi zen eta garaiko giro sozio-politikoa islatu zuen. Kontuan izan I. Karlistaldi hasierako urteak zirela.

Osabaren ipuinak egokitu egin zituen liburu horretan.

«Ipuin Onac» liburuan osabak aurrez idatzitako fabulak haurrentzat eta baserritarrentzat moldatu zituen. Irakurlearengan pentsatu zuen. Horretarako, euskara oraindik arautu gabe zegoenez, eta ahalik eta jende gehienak uler zezan, bizkaieraren egitura eta gipuzkeraren ukitua daukan hizkuntza erabili zuen.

Zer azpimarratuko zenuke «Ipuin Onac» lanetik?

Fabulez gain, `Irakurle euskaldunari' izeneko atala du. Irakurtzeko modukoa da. Bertan irakurleari zuzentzen zaio, haren iritziari aurrea hartuz. Badaki irakurlea gizonezkoa eta heldua dela. `Pentsatuko du andrazkoa ari dela idazten eta nahiko duela goruarekin eta jostorratzarekin aritzea', esaten dio.

Horrez gain, bere adina ere kontuan hartzekoa da. Euskal literaturaren historiak dio 22 urterekin idatzi zuela. Koldo Mitxelenan eskuizkribua ikusi nuenean konturatu nintzen 1800. urtean katalogatu zutela; alegia 18 urte zituen. Beraz, idazterakoan, 16-17 urte... Adin horretan argudiatzen zekien eta estrategia ere zehaztu zuen. Alegia, osabari laguntzearren eta haurrei zuzenduta egin zuen, bai, baina `Irakurle euskaldunari' atala baliatzen du bere tolesgabetasuna azaltzeko. Esan egiten du pentsatzen duena. Azkenik, ezin ahaztu Europan garai hartan emakume idazleek ez zutela sinatzen, eta berak bai.

Aldundiarentzat itzulpenak egiten zituen.

Bai, eta garai hartan ez zegoen euskaltegirik, IVAPik edo HABErik! Etxean ikasitakoarekin moldatu zen, euskara teknikoa erabiliz. Gernikako Batzarretan korregidoreek euskaraz eta gaztelaniaz idatzi behar zituzten dokumentuak eta berak itzulpenak egiten zituen. Pentsa, zeharka, zenbat lege irakurri zituen. Unibertsitatera joan ez arren, bere erara, etengabe ari zen ikasten. Sendabelarrak ere ezagutzen zituen eta nahiko ezaguna omen zen horregatik ere.

Bizenta ez zen moja joan.

Ez. Sasoi hartarako berandu ezkondu zen, 35 urterekin eta hirira gainera, Abantora. Pentsatu Markinan, bere mundu txiki eta perfektuan bizi zela. Han euskara zen nagusi eta ondoren, ezkondu eta Bilbo hiri erraldoira joan zenean, gauzak asko aldatu ziren. Erripa kalean bizi ziren, errekaren parean. Han itsasontziak sartuko ziren. Zenbat pentsaera desberdin... Gerra napoleonikoen eta liberalismoaren eragina... Familia foruzalea zen eta ideia liberalek nolako bizimodua ekarriko zuten beldur ziren. Fedeari, euskarari eta ohitura onei garrantzia handia ematen zieten. Baita baserritarra izateari, eta horri lotuta, lurraren jabe izateari. Izan ere, kanpotarrak etorriz gero, haien menpe geratuko zirela pentsatzen zuten. Euskarari eta euskaldun izateari lotutako balioak suntsitzean euskalduntasuna bera galduko zen beldur ziren. Aldaketa handiko urteak izan ziren.

Nolako familia zen mogeldarrena?

Aita medikua zen, baina Bizentak urtebete zuenean hil zen. Ama baserri girokoa zen. Aita hil ondoren, Azkoititik Markinara joan ziren, osabarengana. Bizenta ez zen burgesa, ez zuten diru askorik, baina ez zen baserritar hutsa ere. Baserritar eskolatua zen. Goi mailakoekin -Peñafloridako kondearekin eta Markinako jauntxoekin- harremana zuen eta Bilbon ere ezaguna izango zen familiarengatik. Diruduna ez, baina prestigiodun familia zen.

Zuk zeuk editatu duzu liburua.

Bi argitaletxetan jo nuen atea. Batean ez zekitela liburua non sartu eta bestean gazteen literaturan argitara ematea zaila ikusten zutela esan zidaten. Errazagoa zen neuk ateratzea. Benetakoagoa iruditu zitzaidan, hasitako bideari jarraiki.

«Idazlea bere sasoiko gizartean kokatu nahi izan dut»

Garaiko testuinguru soziopolitikoa azaltzeko ahalegin berezia egin duzu.

Bizenta Mogel bere sasoian kokatu nahi izan dut. Literatura klasikoan idazleak sortutako obraren arabera aztertu izan dira eta euren pentsaeraren zertzeladaren bat emango da agian. Pentsaera aztertzeko unean testuinguru ugari daude: pertsonaren nortasuna, etxeko testuinguru afektiboa, herria, nazioa eta garaiko gertaera historiko orokorrak. Pertsona hori bere testuinguru desberdinetan ikusi behar duzu kokatuta. Bizenta Mogelen figura berreskuratzeko, idatzitako literatur lanei baino nola egin zituenari erreparatu diot.

Bizenta Mogelen emakume izaeratik ezerk harritu al zaitu?

Liburuan agertu nahi izan dut bizitza osoan nola den fidela sentitzen duenarekiko. Zentzu horretan, koherentzia erakutsi zuen. Euskararen eta fedearen alde lan egin zuen. Ikasi egin nahi zuen eta lortu zuen, nahiz sasoi hartan ohikoa ez izan, eta liburua atera zuen. Ezkondu arren, lanean eta ikasten jarraitu zuen. Eta bere ideiak agertu zituen. Hil arte aktibo mantendu zen.

Badira zalantzak Karlistaldi hasierako foruzaleen bertso batzuetan, Inkisizioaren aldeko esaldi bat Bizentak berak idatzi ote zuen. Gehiegi esatea da. Badakigu mogeldarrek idatzia dela, eta baliteke anaiarena izatea. Hori ere agertu dut. Izan ere, berak ere argiak beste itzal ditu, denok bezala. Nik ez dut heroirik agertu nahi, bere sasoian aurrera egin zuen emakumea azaldu nahi nuen. X.A.