GARA Euskal Herriko egunkaria
UDATE BETE

Antzar eguna


Gaur irailaren bosta da, Antzar Eguna Lekeition. Joatekoa naizen lekuan ederto egongo naiz, baina Lekeitiora ere pozik joango nintzateke. Oroitzapen politak ditut gordeta hainbat irailaren bostetakoak. Institutuan hasi ginenean joan ginen lehenengoz. Autobusa alokatu egin genuen, eta, gauez gelditzeko baimenik ez genuenez, mundua amaituko balitz bezala ibili ginen egun osoan. Akordatzen naiz 22.00etan geneukala bueltarako autobusa, eta 10.30erako Lekeition geundela. Orain «botelloia» deituko diote, baina orduan ere, potinetan ateratzekoak zirenek litrona ederrak prestatzen zituzten, eta geuk ere zer edo zer bai. Eguerdirako majo edanda geunden, baina jateko diruak ere alkoholetarako behar genituen. Bueltako bidaian bihurguneek eurena egin zuten, baina «urtero etorri behar dugu», esanez itzuli ginen.

Gerora, 16 urterekin edo -ordurako gauean ere ez ginen etxera etortzen-, nire bizitzako gizonak betaurrekoak galdu zituen uretara salto eginda. Irteeran ez ninduen ezagutu, edo ez ninduen ikusi, edo grazia egin nahi izan zuen; «borrosa ikusten zaitut, barkatu», esan zidan. Ez dakit inoiz halako gogorik izan dudan baten bat ostika txikitzeko, baina ez nion berriro uretara bultza egin merezi bezala. Arnasa hartu, hamar arte kontatu, eta gero gertatu zitekeena jarri nuen balantzan. Merezi izan zuen. Edo behintzat, orduan, merezi izan zuen. Gainera, dena ez da beti uste bezain erromantikoa: handik urte batzuetara, hildako antzarraren burua oparitu zidan mutil batek konpromisoko eraztuna oparituko balit bezala. Nazka aurpegia jarri nion: «Ez, eskerrik asko, gaurkoagatik lagunekin geldituko naiz».

Zuloko eskailerak ipurdiz jaitsi nituen beste behin, eta lagunen urtebetetzeak ospatzeko pegatinak egin genituen beste behin, eta lokal zikin batean esnatu nintzen antzar gau batean, eta egun osoa taberna bakarrean sartuta eman genuen urte batean kamareroari begira, eta mahoiz ez joatearren uretara botatzeko amagoa egin zidatenean ia negar egin nuen, eta... zenbat gauza Antzar Egunean.

Zenbat gauza Antzar Egunean, eta sekula ez dugu ganoraz ikusi antzar jokoa. Portuan egonda, altxadaren bat edo beste beti ikusten da, baina bertan egon eta jokoari adi egoterik ez dut inoiz lortu. Sarritan joan izan gara tabernetara antzarren orduan portuan jende gehiegi egoten delako. Gehiago ikusi izan ditut telebistan bertatik bertara baino. Eta hala ere badakit, bertakoentzat jai itzela, ederra eta garrantzitsua dela. Baina neure errealitate sinpletik pentsatzen dut gutxienekoa dela antzarra benetakoa edo gomazkoa izatea.

Ikusten daudenentzat ez dago desberdintasunik, potinetan doazen askok ni noizbait ikusi ninduten bezain borroso ikusiko dute antzarra, eta adituek diote zailtasun eta erraztasun berberak dituztela benetakoak eta gomazkoak kokota mozterakoan. Orduan? Zezenketetan, idi probetan... indarkeria oso agerikoa da, baina honetan muga oso lausoa da. Horregatik poztu nau aurten gomazko antzarra aukeratu dutelako hainbat potinek: zorionak zuei. Ez dira besteak baino pertsona hobeak izango horregatik, baina gauzak egiteko beti erabili ditugun moduak baino hobeak egon daitezke. Ohiturak aldatzea ez da ezinezkoa, borondate kontua da. Gauzak lehen baino hobeto egin daitezkeenean, zentzugabekeria da gauzak lehengo moduan egiten jarraitzea.