GARA Euskal Herriko egunkaria
Vuelta 2014

Bizikleta solidarioa


Caja Rural-RGA taldeak beharrizan handienak dituztenekin solidaritate proiektu bat dauka martxan azken urte hauetan. «Bizikleta solidarioa» deitzen den proiektu honen helburua elikagaien banku ezberdinetara ahalik eta kilo kopururik handiena helaraztea da. Pasa den urtean 20 tona biltzea lortu zuten, eta, aurten, kopuru hori gainditzea dute xede. Horretarako, Iruñea eta Aralar artean lehiatutako etapa baliatuz, «Egun solidarioa» izendatu zen irailaren 3a.

Caja Rural taldeko 8.000 langileren artean 16.000 kilo elikagai baino gehiago biltzea lortu zen. Gure aldetik, txirrindulari taldeak Aralartik Santiagora bitartean geratzen zaizkigun 1.745 kilometro horiek janari bihurtu eta kilometro kopurua adina kilo elikagai eman nahi ditugu.

Gainera, etapaz etapa «Bizikleta solidarioa» deritzon gunea jartzen dute helmuga inguruan. Bertan, erlojuz aurkako bizikletak arraboletan jarri eta zaletuei pedalei eragiteko gonbita luzatzen zaie; hala, egindako kilometro bakoitza janari kilo bat bihurtzen da. Kilometroz kilometro, kiloz kilo, iazko 20 tonak erraz gaindituko dira, ziur.

Izan ere, Euskal Herriko Itzulian egindako «Bizikleta solidarioan» 5 tona pasa jaso ziren eta Vueltan zehar, etapako 500 kilo inguru biltzen ari omen gara batez beste. Sare sozialetan ere egin du bere lekutxoa proiektu honek, jarraitu nahi izanez gero: #CR_RGA_Solidario hashtag edo etiketarekin izango dituzue berriak.

Pedalei eragiteko nagia denarentzat edo, besterik gabe, modu horretan parte hartu nahi ez duenarentzat ere badago laguntza emateko modua, kontu korronte zenbakia zabaldu baitu Caja Rural berak. Informazio gehiago nahi izanez gero: www.teamcajarural-segurosrga.com.