05 SET. 2014 UDATE BETE Gogorik bada, bonbonak, karrozak edo traktoreak aski dira festa egiteko Butano bonbonek, karrozek eta traktoreek ba al dute komunean zerbait? Ezetz dirudien arren, jai osagaiak dira guztiak ere. Artziniegan, Elorrion eta Zigoitian, jakin-mina piztu, publikoa erakarri eta giroa sortzeko gai direla erakutsi dute. Nerea GOTI Artziniegako bonbona lasterketak argi erakusten du Arabako herrian ez dutela ekitaldi handientsurik behar jai giroan murgiltzeko. Jaietako gastronomia lehiaketen protagonista isil izan ohi diren bonbonei bestelako erabilera bat bilatu diete bertan. Bertakoek kontatuta, 90eko hamarkadaren hasieran sortu zen lasterketa. Goma Bi kuadrillakoei bururatu zitzaien, herritarren parte hartzeari astindu bat eman nahian, eta, gezurra badirudi ere, aurkitu zuten bonbona hartu eta aldapa gora korrika egiteko prest zegoenik. «Herrikoen parte hartzea bultzatu nahi genuen, jendea jaietako ekitaldietan inplikatu... Horregatik, jarduera herrikoiak antolatzea pentsatu genuen. Erraldoiak eta buruhandiak ere berreskuratu genituen eta oraindik ere ateratzen ditugu!», azaldu digu Joseba Vivanco kuadrillako kideak. Buruari bueltaka hasi, eta, zaku lasterketak gogoan, bonbonekin antzeko proba bat egiteko ideia sortu zitzaien. Hala, Alde Zaharreko Goienkalen jarri zuten praktikan, arrakasta handiarekin. «Jende askok hartu zuen parte, adinekoek ere, eta izugarria izan zen. Eta horrela jarraitzen du; orain, hori bai, parte hartzaileak gazteak dira, bai neskak bai mutilak. Bikoteka bonbona hartu eta Goiko Plazatik elizaraino joan eta buelta egin behar dute; Alde Zaharreko harrizko zoruan ibiltzea gatza da, ez pentsa», aitortu digu Vivancok. Antolatzaile baten amak utzi ohi du etxeko bonbona probarako, eta azken urteotan beti bonbona berdina erabiltzen dute, hutsik dagoena. Kanpotar asko erakartzen duen ekitaldia da, baina herriko jendeak ere ez du hutsik egiten. «Etengabe animatzen dute», nabarmendu digu. Orain, gainera, «harrobia» egiteko, txikientzako ibilbide laburrago bat prestatzen dute eta bonbona barik garrafoia txiki batekin aritzen dira. «Izugarria da txikiak ikustea, 5 urtekoak-eta, jendea txaloka...». Horiek horrela, parte hartzeko prest dagoenik balego, bihar izango du aukera, 19.30etik aurrera. Vivancok alboratzerik ez den gomendio bat ere eman digu: «Inportanteena bikoteko bi kideek erritmo bera mantentzea izan ohi da». Erritmoa mantentzea ere bada, seguruenik, Zizurkilgo asto lasterketako parte hartzaileen zeregin nagusia. Hori bai, mozorro eta guzti, ez da ez lan erraza. Bihar izango da horrela den egiaztatzeko aukera, 19.00etan. Karrozak ezagunagoak dira hainbat herritan. Elorrion, mundua irribarre batekin ordezkatzen duten karrozen jaitsiera izango dute hurrengo zapatuan, 17.30etik aurrera. Ez dute ibilbide luzea, baina bai jaietako ezinbesteko hitzordua. Elorriokoa ez da desfile hutsa. Sukalki Egunean berotzen dituzte motorrak. Bapo bazkalduta, elkartu eta plazaraino egiten dute kalejira, bertan muntaketa lanen aurkezpena eta guzti egiten baitu Oihan Vega DJak. «Gai librean» aritzen dira karrozak apaintzen kuadrillak. Gehienetan zazpi eta hamar kuadrilla artean biltzen dira, eta, karroza ikusgarriak prestatzeaz gain, jaiari irribarrea eta kolorea jartzen diote, oroimenerako irudi ikusgarriak utziz gainera. Zigoitian, bestalde, zarata izaten da nagusi antolatu ohi duten traktore proban. Zizkiño mendi taldeak antolatzen du hitzordua, eta aurten hilaren 13an izango da, Gopegin. Berez ez dira herriko jaiak, baina, «Zigoitia euskaraz» lelopean, irailaren lehendabiziko bi asteburuetan ekitaldi ezberdinak antolatu ohi dituzte. Euskararen erabilera bultzatzeaz gain, herrian hainbat etxetan oso ohikoa den lan tresnaren erabileran parte hartzaileek duten trebetasuna erakusten du ekitaldiak. Aurreko bi urteotan proba egin ez bada ere, aurten berreskuratu egin dute. Udal iturriek aurreratutakoaren arabera, herriko bospasei nekazarik hartuko dute parte eta eremu zabal batean proba ezberdinetan duten abilezia erakutsi beharko dute. Adibidez, fardoak altxatu eta bata bestearen gainean pilatu beharko dituzte ahalik eta azkarren. Bestelako probak ere izango dituzte traktorea maneiatzen duten trebetasuna erakusteko. Bizkaira salto eginez, «itsas jendeari» urtero egiten zaion omenaldia aurkituko dute jaizaleek Santurtziko Mamariga auzoan. Ospe handiko jai herrikoiak dira gaur bertan Txikigunearekin abiatuko direnak. Ekitaldi ugariren artean, etzi ekitaldi berezia egingo dute itsas gizon eta emakumeei eskainita. Hurrengo igandera arte egongo dira jaietan, eta, besteak beste, bihar kuadrillen bazkaria eta tortila lehiaketa izango dituzte. Otsagabian ere jai usaina dago. Txupinazoa igandean botako dute, 12.00etan, eta, ondoren, erraldoi eta buruhandien kalejirak girotuko du herria. Iluntzean, Bobo maskaradun pertsonaia protagonista duten Muskildako dantzen salbea izango da Blankoa plazan; tradizioak astelehenean jarraituko du, 11.30ean abiatuko den kalejirarekin.