GARA Euskal Herriko egunkaria
Vuelta 2014

Motortxoak


Cabarcenoko animalien parkean izan den etapa hau, telebistaren beste aldetik ala lasterketa barrutik, oso ezberdin bizi izan dudala aitortu beharrean nago. Cabarcenora iritsi aurreko parajeak izugarri politak iruditu zaizkit, eta lasterketan behin baino gehiagotan bertatik pasa naizen arren, gaurkoan izan da, parkeaz zein bere inguruez irudietan gozatzeko parada izan dudan aldi bakarra.

Cabarcenon, parke naturala izaki, ehizatzea debekatua dago, baina esan daiteke Dani Navarro eskopeta kargatuta irten dela, eta Cabarcenon etapa zoragarri bat ehizatzeko gai izan dela.

Baina zoritxarrez, Navarroren balentriak baino zeresan gehiago eman du, sare sozial zein Interneten bolo-bolo dabilen Ryder Hesjedalen bideoak. Bideoa ikusi ez dutenentzat, txirrindulari kanadarra, Vuelta honetan erori eta bizikleta hartzera doala, bizikletak mugimendu arraro bat egin, eta motorra izango duen espekulazioa dabil txirrindulari munduan. Ni ez naiz fisikaria, baina neure uste apalean inertziak zein indar zinetikoak eragindako mugimendu bat dela esango nuke. Baina fisika kontuez aparte, beste arrazoi batzuk ikusten ditut, motortxoaren gai honek ez hanka ez buru ez duela pentsarazteko.

Bizikleta baten motor batek 80 km-ko autonomia izan dezake gehienez, eta hori bateriaren tamaina eta pisuagatik errepideko bizikleta baten jartzea ia sinesgaitzak direla kontatu gabe.

Demagun, Cerveloko ingeniariek, bateria txiki bat sartu ahal izan dutela Hesjedalen bizikletan. Hori hala balitz, 40 edo 50 kilometrotan laguntza izango zuen txirrindulariak, baina etaparen beste 150 km-etan, bateriak zein motorrak pisatzen dituen 4 edo 5 kiloak eraman beharko zituen, berriz ere motorraren ustezko laguntzak aurreztutako indarra xahutuz.

Horretxegatik, azken batean parra eginda gelditu, eta teknikoki oso zaila izateaz gain, motorra eramatearen eta bi urteko zigorra izatearen arriskua kontuan hartuta, guztiz ezinezkoa dela deritzot, ez orain ez sekula norbaitek bizikletari motorra jartzea.

Egia da, nire motorrak ia 500.000 km dituela, eta auto batena balitz, aldatzeko ordua tokatuko litzaiokeela. Egia da, poliki-poliki matxura gehiago eta errendimendu gutxiago duela, baina hala ere, uste dut, txirrindulariok nahiago dugula gure barruko motortxoek ematen duten indar apurra hartzea, kanpotik motor elektriko baten laguntza jasotzea baino.

Horrela ba, masajera noa, ia Elviok motorra puntuan jartzen didan, biharko Paris Bruselas klasikoan dena beharko dut eta. Etzi arte, ondo izan