08 SET. 2014 Entrevista Antton ZABALA Eskalatzailea «'Sistematik ihes' nire ibilbidean beste urrats bat izan da» Uda honetan Aizpunen izan diren haize freskoek berri pozgarria ekarri diote Antton Zabalari. «Sistematik ihes» bidean bi denboraldi jo eta su lanean ibili ondoren, hernaniarrak 9a graduko xede hori poltsikoratu du. Inolako zalapartarik egin gabe, bederatzigarren esferan sartu da; hain zuzen ere, bere lagun min Ekaitz Maizek ekipatutako bidea kateatu ondoren. Andoni ARABAOLAZA Egun ezarritako sistema politiko, sozial zein ekonomikoa guztiz ustela dagoela gutxik ezeztatzen dute. Asko dira, berriz, sistema hori aldatu eta eraldatu nahi dutenak. Inork ez du ezbaian jartzen oso zaila dela, baina ahaleginak badira. Era batera edo bestera sistema horretatik aldentzeko zirrikituak bilatzen dituztenen artean Antton Zabala dago. 26 urteko eskalatzaile honek, kasualitatez edo ez, «Sistematik ihes» bidean bilatu du sistemari kosk egiteko aukera. «Sistematik ihes» bidea izan da 9a zailtasunean sartu izan zaituena; jakina, zuk hura kateatu ondoren. Bederatzigarren esferan sartzeko, zergatik aukeratu zenuen marra hori? Berez, nire helburu nagusia ez zen 9a baten bila joatea; nahiz eta maila hori egiteak egundoko ilusioa egiten zidan. Aizpunen eskalatzen nahikoa denbora daramat, hango bide zailenetarikoak eginak nituen, eta, beraz, eboluzio horretan «Sistematik ihes» beste urrats bat zen. Horretaz gain, nire aburuz, bide hori Aizpungo marrarik ederrena da, eta, gainera, nire aurretik kateatu zuten guztiak han gogor borrokatzen ikusi nituen. Hori bai, lehen aldiz probatu nuenean ohartu nintzen aukerak nituela bide hori egin eta nire lehen 9a poltsikoratzeko. Behin aukera horiek ikusita erabat murgildu nintzen xede horretan. Marra horren sortzailea zure lagun min bat da: Ekaitz Maiz. Bide hori aukeratzeko arrazoiak aipatu dituzu; alabaina, uste dut zuretzat kidetasunaren osagai bat baduela, ezta? Inolako zalantzarik gabe. Ekaitz Aizpungo bide sortzaile nagusietarikoa da; ia marra guztiak berak ekipatu ditu. Jakina, bere lan eskerga hori eskertu behar diot, eta batez ere «Sistematik ihes» bezalako bide eder, oso gogor eta estetiko bat ekipatzeagatik. Egundoko zortea dut Ekaitz lagun bezala izanda; bere lana miresten dut eta, jakina, haren artelanak probatzea kristoren ohorea da niretzat. Aitor dezaket «Sistematik ihes» 10 izarretako bide bat dela. Jakin dakidanez, Aizpungo bide horretan egin duzun lan guztia zuk zeuk bakarrik egin duzu. Zera esan nahi dut, muturreko zailtasun horretan eskuarki bidea lantzen duenari informazio guztia helarazten zaio; hots, bidea flasheatzen zaio. Eta zuk ondo baino hobeto dakizunez horrek guztiak saioak asko errazten ditu. Zure kasua oso ezberdina izan da; soilik egun batean Maizek pare bat iruzkin egin zizkizun eta kito. Horri guztiari, zer-nolako garrantzia ematen diozu? Egia da gaur egun (eta oker ez banabil), orokorrean, muturreko eskalatzaileak gero eta komodoagoak bihurtzen ari direla. Eta arrazoi duzu, uste dut askok eta askok nahiago dutela bideak flashean edo ahal den informazio ororekin probatu. Nire kasuan, zuk aipatu duzuna gertatu da. Eta egoera horrek erabat bete egin nau; jakina, buruhauste galantak izan ditut (kar, kar). Kateatze prozesu horrek asko erakartzen nau. Beste era batera esanda: pauso bat aurrera egin, ondoren beste bat atzera, mugimenduak aztertu, probatu... Eta aitor dezaket prozesu hori horrela gertatu dela kasualitatez; gainera, garai horietan Ekaitz ez zebilen handik. «Sistematik ihes» poltsikoratu ahal izateko lan eskerga egin behar izan duzu; izan ere, iaz eta aurten jo eta su lanean jardun duzu. Aurreko galderan zein erantzunean aipatutakoagatik esan daiteke asko kostatu zaizula? Uste dut espero nuena baino gutxiago. 8c+ gradukoak eginak nituen, baina jakin banekien beste urrats hori egiteak asko eskatzen duela. Eta plus hori asko nabaritzen da. Bi denboraldi izan dira, eta, beraz, horrekin dena esanda dago. Iaz, adibidez, lauzpabost saiotan kateatzeko zorian izan zinen. Hots, oso-oso eskura izan zenuen. Amorrazioa eman zizun? Bai, inolako zalantzarik gabe. Bidea emeki-emeki lantzen joan nintzen, eta ia hiru hilabete eman nituen saioak egiten. Eta denboraldi horren bukaeran nire buruak argi zeukan egingo zuela, baina, hor eskura izan arren, azkenean ihes egin zidan. Hala ere, aurreratu behar dizut prozesu horretan asko ikasi nuela, eta heldutasun puntu bat hartu nuela muturreko zailtasuneko xede bati ekiteko. Nire ustez, ez kateatzeko arrazoia neure buruan zegoen. Oso sasoiko nengoen, baina buruan murru bat neukan, eta ez nuen askatasun osoz jarduten. Zailtasun horretako bide bat kateatzeko buruak eta sasoiak elkar loturik behar dute joan. Udararen amaieran, gainera, Maizekin Krimeara joan zinen, herrialde hartan antolatu zen Eskaladako Munduko Txapelketa batean parte hartzeko. Hara joan aurretik zure ekinaldiak bertan behera utzi zenituen. Uste duzu Krimeara joateak eragotzi zizula «Sistematik ihes» bidea sinatzea? Arestian aipatu dudan bezala, arazoa buruan nuen, eta esan dezaket pixka bat erreta sentitu nintzela. Gertu ikusi nuen, baina gehitu dezaket hiru hilabete neramala Aizpunetik atera gabe. Ondoren, Krimeako aukera etorri zen, aprobetxatu nuen eta bueltan nire sasoia ez zen berdina. Ez dakit Krimeakoak eragotzi zidan edo ez, baina erabaki bat hartu nuen: datorren urterako utzi. Aurten, berriz, zure erronka horretan sartu aurretik beste eskalada eskola batzuetan izan zara sasoia hartzen. Iazko eta aurtengo agerraldiak ezberdinak izan dira, ezta? Inolako zalantzarik ez eduki. Lehen esan dut heldutasun puntu bat hartu nuela, eta aurtengo saioei begira eite horrek asko lagundu dit. Beraz, bi denboraldiak ezberdinak izan dira oso. Iaz ez nuen xede finko bat bezala, baina horretan murgildu nintzen. Aurten, aldiz, helburu nuen eta horretarako prestatu naiz. Aizpunera joan aurretik 8c graduko hainbat bide oso azkar eta erraz egin zenituen. Noiz ohartu zinen prest zinela bigarren aldiz «Sistematik ihes»-i ekiteko? Lezaia hartu nuen prestaketa edo entrenamendu modura, eta primeran atera zait. Hango bideak oso fisikoak dira, eta sasoian jartzeko asko lagundu didate. 8a-ko bide batzuetan oinarria hartu eta 8c-ko beste batzuk kateatzen bukatu nuen. Oso azkar hartu nuen sasoia, eta horrek harritu ninduen. Eta onartu behar zaizu di-da batean kateatu zenuela. Zure kide batzuk ezustean harrapatu zenituen. Bai, beste heldutasun zein lasaitasun puntu batekin hartu nuen, eta horrek asko lagundu dit hain azkar ateratzen. Bideak pauso eta mugimendu oso teknikoak ditu, baita gestualitatea eskatzen dutenak ere. Hori lantzea egokitu zitzaidan berriz. Behin menderatuta eta sasoiz nengoela, kateatzeko prozesua azkarra izan zen. Hiru astean katera iritsi nintzen. Lagunak ezustean harrapatu nituela? Bada, a zer-nolako ezusteko ederra izan zen! Azkenean, uztailaren 12an, kirol eskaladan orain arte egin duzun xederik gogorrena borobildu zenuen. Katera iritsi, garrasi batzuk bota eta lurrera jaitsi zinen. Uste dut kosta egin zaizula egindakoaz ohartzea. Aitortu behar dut muturreko bide hori egiteak kristoren ilusioa egin didala, eta muturrekoa denez, jakina, hori guztia asimilatzeak denbora eskatzen du. Hori bai, esan behar dut bide hori egin dudala eta bizitzak aurrera jarraitzen duela. Ez dago inolako sekreturik. Ezagutzen zaituztenek diote Aizpungo eskaladaren estiloan ondo baino hobeto moldatzen zarela. Horrek asko lagunduko zizun, ezta? Inolako zalantzarik gabe. Esan dut urte batzuk daramatela Aizpunen jo eta su, gero eta bide gogor gehiago egiten... Eta, gainera, Aizpungo estiloa oso gustuko dut. «Sistematik ihes» bidea igo duen laugarren eskalatzailea izan zara Maiz, Gorka Karapeto eta Mikel Ziarrustaren ondoren. Hiru eskalatzaile hauek lagunak izateaz gain, goi mailako eskalatzaileak dira (bueno, Mikel joan zitzaigun). Haien ibilbidea ondo baino hobeto ezagutzen dut eta beti miretsi egin ditut eta beraiekin eskalatzen asko ikasi dut. Beraz, laugarren igotzailea izatea niretzat ohore handia izan da. Eskalatzaile horiek erreferenteak dira Euskal Herrian. Orain haiekin partekatzen duzu 9a graduaren kluba. Zer da zuretzat 9a-n sartzea? Beste urrats bat nire ibilbidean. Arestian esan dut, «Sistematik ihes» egin dudala, baina kateatze horrek, futbolariei ez bezala, ez dit inolaz bizitza aldatu. Saiatuko naiz bide gogorragoak egiten, eskaladaz gozatzen... Jakina, 9a graduko bide bat egitea oso garrantzitsua da niretzat, eta uste dut edonorentzat. Bueno, badirudi guztientzat ez dela berdina. Ruben Diazek, adibidez, Ilarduian «Celedon» bidea (9a) egin ondoren adierazi zuen 9a gradua «zailtasun ertaina» dela. Zer erantzungo zenioke? Bada, egin ditzala 10 gradua duten bideak (kar, kar). 9a gero eta gehiago egiten da, baina horrek ez du esan nahi gradu ertaina denik. Gaur egun 9a graduko bideak kateatzeak hedabide guztietan berria izaten jarraitzen du, eta uste dut horrek zer edo zer adierazten duela. Ilarduia aipatu dudanez, «Celedon» bidean mugimendu handia eta zaratatsua izan da. Zu zeu, aldiz, isil-isilik «Sistematik ihes» marrarekin jabetu zara. Eite horrek zure lanari eta lortutakoari plus bat emango dio, ezta? Lagunekin eskalatzea gustatzen zait, eta ez naiz modan dauden bideetara joango marra konkretu bat egiteko. Nire izaera hori da. Aipatu dut dagoeneko 9a-ren taldean sartu zarela. Presio gisa hartzen al duzu? Ezta gutxiagorik ere. Esan dizut nire ibilbidearen beste urrats bat izan dela, eta «talde» horri ez diot garrantzirik ematen. Nire taldea nire lagunak dira. Zertan ari zara egun eta ze asmo dituzu aurrerantzean? 9a eta antzeko graduko xedeak baztertuta ditut. Egun, maila gutxiagoko marretan murgilduta nago, eta horietan oinarri sendo bat lortzea dut helburu. Bukatzeko, lerro hauek aprobetxatu nahi nituzke nire bikote den Arantxiri «Sistematik ihes» bidean lortutakoa eskaintzeko. Eta ez nituzke ahantzi nahi gurekin ez dauden Anza, Lujan, Exkerra...