GARA Euskal Herriko egunkaria

Gutxienez 3.000 urteko harrizko aizkora leundua aurkitu dute Orion, Arano mendiko lurretan

Arano mendiko lurrak lantzen ari zirela aurkitu dute pieza Luis Figuerido eta Josean Zubiriak. Aranzadi Zientzia Elkartearen eskutik aurkitutako aizkoraren inguruko mintegi bat egingo da gaur goizean Irungo Gordailuan.


Ustekabeko aurkikuntza handia egin dute Luis Figuerido eta Josean Zubiriak Orion. Izan ere, landu eta leundutako Brontze Aroko aizkora bat topatu dute Arano mendian. Aurkitu zuten harriak atentzioa deituta, Aranzadirekin jarri ziren harremanetan eta elkarteak historiaurreko aizkora bat dela baieztatu du. Aizkorak 13 zentimetroko altuera eta 6 zentimetroko zabalera ditu, eta, adituen arabera, 3.000 eta 6.000 urte artean ditu.

Aurkitutako aizkoraren garrantzi historikoaz jabetuta, Figuerido eta Zubiriak Gordailua Gipuzkoako Kultur Ondare Higigarriaren Zentroan utziko dute, Gipuzkoako ondare arkeologiko higigarri gisa. Aurkikuntza gizarteratzeko, piezari buruzko mintegi berezia egingo da gaur bertan Irungo Gordailuan, 10.00etatik 14.00etara.

Mintegian Jesus Tapia eta Josean Mujika historiaurreko arkeologoek Brontze Aroak Gipuzkoan izandako eragina aztertuko dute. Izan ere, aurkitutako aizkora garai horretakoa da.