GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevista
Ricardo Ramon eta Beñat Beitia
«Dixie eta matxinada zonbia» filmaren zuzendariak

«Oilo ipurdia jartzen zaigu umeek filma txalotzen dutenean»

«Aita, zonbia naiz» filma ekarri zuten Zinemaldira 2011n, haur guztien zirrara piztuz. Hainbat jaialditan sari ugari jaso ostean, aurtengoan Dixie Itzalbeltzeta eta bere lagunen beste istorio bat aurkeztuko dute Donostian, gaur bertan, Anoetako belodromoan, 18.00etan. Hori bai, «Dixie eta matxinada zonbia» jaialdian ikusteko aukera bakarra gaurkoa izango da. Areto komertzialetara azaroak 7an iritsiko da filma.


Dixie Itzalbeltzeta zoriontsu da eskolako lagun guztiek maite dutelako. Festa bat antolatzen ari da, baina aurreko filmean ezagutu zituen lagun zonbiek, Isis eta Gonnerrek, berri txar bat emango diote: Nigreda gaiztoa itzuli egin da eta plan maltzur bat dauka esku artean. Ricardo Ramon eta Beñat Beitiak estimu handian dituzte Dixieren abenturak eta oraingoan gogotsu datoz «Dixie eta matxinada zonbia» filmarekin.

Jatorrizko bertsioa euskarazkoa da, ezta?

Beñat Beitia: Hemengoak gara eta euskal kultura babesten saiatzen gara. Hori da abiapuntua, eta, hortik aurrera, nazioartean ere gure lanak ondo funtzionatzen duenez, gazteleraz, ingelesez eta katalanez bertsioak egitea lortu dugu.

«Aita, zonbia naiz» etorri zen lehenik. Ba al zenekiten orduan bigarren zati bat egongo zenik?

Ricardo Ramon: 2000. urtean «Aita, zonbia naiz» izeneko telesail bat prestatzen hasi ginen, baina pelikula bat egiteko istorio ona genuela ikusi genuen eta, azkenean, telesailaren ideia baztertu egin genuen. Hori bai, diseinuarekin eta pertsonaiekin oso pozik geratu ginen eta pena ematen zigun hor uztea.

B.B.: Eta orduan zonbi moda iritsi zen!

R.R.: Pentsa, 2000. urtean zorotzat hartzen gintuzten haurrentzako zonbien inguruko film bat egiten ari ginelako. Baina, 2011n, zonbiak modan jarri ziren!

B.B.: Animazioa lan kate bat da, eta lantalde berdinarekin lan egiteak errentagarritasuna ekartzen du, denek pertsonaiak ezagutzen dituztelako.

Hirugarren filmik izango al da?

R.R.: Gidoia badugu, eta nazioarteko banatzaileen aldetik badago interesa; gure aldea lotzea falta zaigu.

B.B.: Hori gertatzen hasi da, gure lanak arrakasta gehiago duela kanpoan etxean baino! Dagoen egoera ere kontuan izan behar da. Euskarazko animaziozko zinema egiten dugu! Bermudetako Triangelu bat osatzen da eta zail samarra da ez itotzea!

Nazioarteko ekoizpenekin lehiatzea zaila al da?

R.R.: Istorio desberdinak eskaini behar ditugu, hemengo haurrei gertuagokoak zaienak. Bestalde, zinema aretoetako konpetentzia ez da bidezkoa; aurretik adostutako prezioak direla-eta, berdin balio du gure filma ikusteak edo beste edozein film, izan duten aurrekontua kontuan izan gabe. Hala ere, gure abantaila da hemengo publikoa ezagutzen dugula eta gertukoak zaizkien istorioak egin ditzakegula, eroso senti daitezen.

B.B.: Gure publikoa inguratzen gaituena da, baina, era berean, lokalismoetan erori gabe aritu behar dugu. Izan ere, bestela ez dugu nazioarteko babesik izango. Oreka bilatu behar da.

Ezohiko gaiak jorratzen dituzue.

B.B.: Haurrentzako zein pelikuletan ikusi da istorioa hasi eta hamalau minutura protagonista hiltzea? Haurrei ez zaie heriotzari buruz hitz egin. Bestalde, banandutako familien gaia ukitzen dugu. Dixiek harreman ona dauka bai aitarekin bai amarekin.

Haurrak ikusle onak al dira?

B.B.: Izugarri gustatzen zaizkigu ikusle bezala, zintzo hitz egiten baitute. «Gustatu al zaizu pelikula?» galdetu, eta, itzulingururik gabe erantzuten dizute: «Ezzz!!!!!». Filmean zehar ez badugu umorearen, abenturaren eta enpatiaren arteko oreka ondo mantentzen, aspertu egiten dira.

R.R.: Askotan filmaren ostean umeekin hitz egiten dugu, eta harrigarria da nolako xehetasunez konturatzen diren ikustea; guk gure artean geldituko diren gauzez jabetzen dira.

B.B.: Belodromokoa harrigarria da. Ume asko izaten dira eta filmeko une hunkigarri edo barregarrietan olatu bat bezala entzuten da. Oilo ipurdia jartzen zaigu umeek filma txalotzen dutenean.

Zer iturri izan dituzue pertsonaiak sortzerakoan?

R.R.: Jendeak esaten digu Tim Burtonen pertsonaien antza dutela, baina, biak alderatzen badituzu, ez dute zerikusirik.

B.B.: Ez gara beste pertsonaietan edo pertsonetan inspiratu. Gure pertsonaiak dira eta denak maite ditugu. Azken finean, gu nolakoak garen islatzera eramaten gaituzte nahi gabe ere.