GARA Euskal Herriko egunkaria
HEMEROTEKA

Geruzak eta mamia


Xiberoa, Baxe Nabarre eta Lapurdiko instituzionalizazio eztabaidaren karietara, frantziar Estatuaren antolaketa politiko-administratibo konplexuaren herrailetan irentsia ez izaten ez da aise. Usu, instituzioaren eztabaida, geruzaren arlora mugatu da. Orain departamentua, gero autonomia, Estatu subiraua, euro-eskualdea, ala, azken hilabeteetako aurkikuntza, estatus bereziko lurralde elkargoa.

(...) Prefetak iragan uztailan aurkeztu proposamenak geruza berriekin ihardetsi zion Hautetsien Kontseiluak eta, oro har, gizarte honek egin galdeari. (...)

Alta, geruzek berek baino garrantzia gehiago dauka mamiak. (...)

Edukiaren bidezidorretan sartuz mamitu zen eztabaida, eta hainbat pisuzko behar identifikatu ziren: hiru lurralde horietan herri bat badenaren ezagupena; ipar Euskal Herriaren ezagupena, lehenik. Herri horrek haren bizia kolektiboki erabaki eta kudeatu nahi duela gero; sufragio unibertsala oinarri izanen duen eta gobernagarria izanen den instituzio baten beharra. Hiru probintzien eskalan, herri proiektu bat definitu eta kudeatzeko gisako boterea behar duela; onetsitako lehentasunezko zazpi eskumen famatuak. Lurralde honek babestua eta sustatua izan behar duen berezitasuna duela; hizkuntza, kultura eta «mugaz gaindiko» harremanen alorren garrantzia. Mami horretatik abiatuz, geruza baten bila hasi zen gero, eta orduan zen arrapostu aproposentzat jo Estatus Bereziko Lurralde Elkargoa.

(...) Lurraldearen ezagutzari dagokionez, inork gutik ezartzen du ezbaian gure hiru probintzien egokitasuna instituzio batean biltzeko. Borroka, baratxe-baratxe, irabazten ari da.

Eskumenen gaian ere, hainbat aukera daude mahain gainean, baina Estatuaren ordezkariak «federatibo» deitu dituen geruzetan, eta batik bat Hirigunea deritzon horretan, eskumen lagin zabala dago. Lurralde garapen proiektu bat gauzatzea da geruza horien helburua. (...)

Gobernantza eta ordezkaritza demokratikoak dira, dudarik gabe, bi korapilo sendoenak. Prefetaren proposamen federatiboak herrien arteko elkarketa osatzen duten geruzak dira. Konda dutenak herriak dira, eta ez lurralde batean proiektu amankomun bat osatuko duten herritarrak. Herri-elkarketa horiek (EPCI deituak) luzaz sufragio unibertsal zuzenik gabe funtzionatuko ote dute? (...)

Herri-elkarketak ere arazoa dakar gobernantza aldetik: herriek dutenez konda, herri bakoitzak ordezkari bat luke, gutxienez. Ikuspuntu demokratikotik salagarria, eta ikuspuntu praktikotik gauzatze zailekoa, gure kasuan. Nola segurtatu lurraldearen pluraltasuna (barnekalde-kostalde, hiri eta landa-eremu...) kontuan hartuko duen ordezkaritza eta gobernantza demokratikoa?

(...) Lege bat eztabaidan omen dago Parisen, antolaketa politiko-administratiboaz. Horra aukera geruza mamiari egokitzeko. Entseatuz galdu ahal da, bai. Ez entseatuz, galtzea segurra da.