29 SET. 2014 ZIRIKAZAN Lasaitu asegabea Josebe EGIA Gehiengo absolutuaren itzalpean herritar askok esperantza handiegirik eduki ez arren, azkenean orain arte bezala geldituko gara emakumeok nork bere haurdunaldiaren gaineko erabakiak hartzeko orduan. Dagoeneko «ohi» bihurtu duten Gallardon ministroaren misio zentzugaberik handiena bertan behera geratu da; barkatu, bertan behera gerarazi dute Rajoyk eta bere gobernuak. Antza, denborak aurrera egin ahala, orain konturatu baitira abortuaren legearen erreformaren inguruko adostasun eza erabatekoa zela, eta ez duela inolako zentzurik gobernura hel daitekeen hurrengo alderdiak lehenik eta behin aldatuko duen lege bat ateratzea. Laburbilduta, jendartearen gehiengoaren nahia entzuten duen eta gobernu arduratsu eta helduaren irudia zabaldu nahian, bere burua zuzendu du kontu honetan Espainiako estatuko gobernuak. Ondorioz, batez ere emakumeok lasaiago egon gaitezke aurrerantzean -ez hainbeste gurasoekin harreman zail edo gatazkatsua duten neska gazteak-, ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula haur bat eduki nahiaren eta bai ala bai eduki beharraren arteko aldea ondo baino hobeto bereizita egotea legez. Ez baita txantxa teorian zein praktikan emakumeon heldutasuna ez egotea kolokan; geure bizitzaren gaineko erabakiak ez egotea senarren, nagusien, psikiatren edo beste inoren eskuetan; jendartean bete behar dugun papera guztiz libre egotea korronte erlijioso jakin batek inposatu nahi lituzkeen aginduetatik. Ez baita osasungaitza, alderantziz, garrantzitsua baita amatasunaren, amatasun moten edo amatasun sen ezaren gainean hitz egitea, hala nola aitatasunari buruz, behin betiko kenduta emakumeon bizkarretik haurrekin zerikusia duen guztiaren gaineko erantzukizun besterenezin eta saihetsezina. Horri deritzot nik jendarte eta bat etorriko zaion gobernu ireki eta arduratsua, hipokrisia gaindituta pertsona guztien izaera eta nahia pertsona gisa kontuan hartzen dituena; finean, bizi dugun garaiari eta garai horretan bizi garenoi aurpegira begiratu eta ondoriozko erabakiak hartzen dituenari. Ez du inondik ere horren arabera jokatu Rajoyren gobernuak; hauteskundeen presioa handiegia da. Abortuaren legearen erreformari hasieratik egin zaio aurka sektore askotatik, eragin duen mobilizazioa ikaragarria izan da, jendartea 1 - Gobernua 0, zalantzarik gabe, baina garaipen honek ez nau asetzen. Batetik, egunotan eman dituen arrazoien kontrako bidetik joanda argi dagoelako Alderdi Popularrak egin duen gauza bakarra izan dela pilota arantzatsu hau gainetik kendu eta beste zelai batera jaurti, Auzitegi Konstituzionalera, popularrek indarrean dagoen legearen aurka bere garaian jarritako errekurtsoa, erreforma bezala, erretiratu beharrean, logikoena izateaz gain emakumeoi benetako errespetua erakutsiko ligukeena. Ez zait hori baino arduragabekeria eta lotsagabekeria handiagorik bururatzen. Bestetik, emakumeok oraindik baldintzapean segitzen dugulako gai honetan, sexualitatearekin zerikusia duen guztian bezala: aske eta aurreiritzien inposaketatik urrun, alegia, partzialki errespetatuak. Alderdi Popularrak orain, beste behin, berretsi duen bezala.