29 SET. 2014 AIZKORA | Hirugarren Mailako finalerdia Vicentek erakustaldia eman du Otsagabiko gazteak aise irabazi zuen kanporaketa, eta berarekin batera, Mieltxo Mindegia eta Irazabal ere finalean izango dira. Jon LEUNDA Iker Vicentek, Mieltxo Mindegiak eta Aritz Irazabalek lortu zuten atzo Aizarnazabalen Euskal Herriko Hirugarren Mailako finala jokatzeko txartela. Haiekin batera arituko dira abuztuaren amaieran Gorritin txartela eskuratu zuten Pellejero, Eneko Saralegi eta Urteaga. Jende asko batu zen atzo Aizarnazabalgo plazan kanporaketa ikusteko asmoarekin. Bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar izan zituen, eta hiru multzotan banatuta aritu ziren. Aurreneko multzoan, Irazabal, Resano eta Lekue lehiatu ziren. Irazabal izan zen saioko onena. Bizkaitarra da bere herrialdeko itxaropena. Atutxa gaztea onenen artean dago, eta honekin ere badute itxaropenik, oraindik oso gaztea baita. Resanorekin batera borroka handia izan zuen, biak saiatu baitziren lehen postu hori lortzen, baina amaieran bizkaitarra izan zen onena, nahiz eta tartean 34 segundoko zuloa besterik ez zen egon. Gero, beste multzoetako denborei begira egotea besterik ez zitzaien geratu. Lekue izan zen multzoko azkena, baita kanporaketakoa ere. Bigarren txandan bi besterik ez ziren aritu, eta bietako inork ez zuen lortu finalean sartzeko txartelik. Beltza eta Dorronsoro aritu ziren nor baino nor, eta Beltza izan zen garaipena erdietsi zuen aizkolaria, nahiz eta bere denbora lehen txandako bi onenak baino txarragoa izan zen, eta jakinda azkeneko txandan zeintzuk arituko ziren, nahiko garbi zegoen finaletik at geratuko zela. Dorronsorok, berriz, bazekien saio honen ostean, finalean ez zela izango. Azkeneko txanda izan zen arratsaldeko onena, han aritu baitziren atzoko saioko bi onenak, eta irabazteko bi faboritoak. Garaipena Iker Vicentek eraman zuen, Hirugarren Mailan aritu diren guztien artean gazteenak. Lan bikaina egin zuen, eta emandako itxura ere paregabea izan zen. Amaieran lortu zuen denbora ere oso kontuan hartu beharrekoa da. Hasieran Mindegiak eutsi zion, baina apurka-apurka Otsagabiko gaztea aurre hartzen joan zen, eta bukaeran ia minutu eta erdiko aldea kendu zion Zubietakoari. Hauekin batera Jokin Alkizalete aritu zen. Asteasukoarengan ere bazegoen itxaropenik, baina ez zuen lan ona egin, eta finaleko postutik nahiko aparte geratu zen. Atzokoa eta gero, garbi geratu zen Iker Vicente dela txapela lortzeko faboritoa, nahiz eta finalean lan handiagoa izango den. Donato Larretxeak erraz hartu du mendean Ugaitz Mugertza Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligan, Donato Larretxeak erraz hartu zuen mendean Ugaitz Mugertza, Bilboko Zorrotza auzoan jokatu zen saioan. Jokatu ziren sei probetatik denak irabazi zituen nafar beteranoak, eta amaieran hiru minutu eta erdiko tartea lortu zuen Larretxeak. Honelako proba laburretan, iraupen proba izaten da dena erabakitzen duena, baina atzo hara iristerako ia dena erabakita zegoen. Izan ere, Donato minutu eta erdiko abantailarekin sartu zen azkeneko probara. Hor, bakoitzak lau kana-erdiko ebaki behar zituen, eta Larretxeak bereak 12 minutu eta 37 segundoan bota zituen, eta Mugertzak, berriz, 14 minutu eta 47 segundoan. 23 minutu eta 47 segundo izan zen Larretxearen denbora eta 27.16, Mugertzarena. J.L. ETORKIZUNA. Iker Vicente etorkizun ikaragarria duen aizkolari horietakoa da. Adin nagusira ez da oraindik heldu, baina bera baino zaharragoak direnen gainetik agertzen da azkenaldian.