04 OCT. 2014 TRONTZA Hiru bikote agertzen dira Euskal Herriko txapela lortzeko faboritoen zerrendan J.L. Euskal Herriko Lehen Mailako finala jokatuko da bihar Anitzen, 18.30ean. Bertan, pasa den abuztuaren 15ean Baliarrainen jokatu zen kanporaketan txartela lortu zuten trontzalariak jardungo dira. Gumutio eta Loiola, Esnaola eta Aizpurua, Kañamares III.a eta Eugi, Barberena anaiak, Irigoien eta Etxenike eta Pikabea anaiak izango dira parte hartuko duten bikoteak. Horietako bakoitzak etzaniko 60 ontzakoa hamar epaitan moztu beharko dute, etzaniko kana-erdikoarekin sei epai eman beharko dituzte, eta zutikakoan, berriz, beste sei. Hiru bikote agertzen dira faboritoen zerrendan. Alde batetik, Barberena anaiak eta Eugi eta Kañamares III.a, biak ere nafarrak, eta bestetik, Esnaola eta Aizpurua, gipuzkoarrak dira faborito. Kanporaketako saioan besteen gainetik agertu ziren. Igor Esnaolak irabaziko balu, marka egingo luke, aurten bertan segako txapela ere lortuta baitauka. Finala ikusgarria aurreikusten da.