GARA Euskal Herriko egunkaria
Harri-jasotzea | Desafioa

Irigoienek hasieratik izan du kontrolpean norgehiagoka

Errezildarrak lehen txandatik erakutsi zuen zein zen faboritoa. Jasoaldi bateko aldea atera zion, bigarrengoan beste bat, eta azkenean lau.


Aimar Irigoienek irabazi zion apustua, atzo, Azpeitiko zezen-plazan, Izeta IV.ari. 1.250 ikusle inguru batu ziren neurketara. Izetak 137,5 kiloko harri kubikoa erabili zuen, eta Aimar Irigoienek, berriz, 152 kiloko kubikoa, hori baitzen errezildarrak zarauztarrari eman zion abantaila. Bakoitzak 10 minutuko hiru txanda egin behar izan zituen. Alde bakoitzak 8.000 euro jarri zituen jokoan.

Aimar Irigoienek Telleria I.a eta Telleria II.a izan zituen laguntzaile lanetan, eta Izeta IV.ak, berriz, Izeta II.a eta Izeta III.a. Aimar Irigoienek, gainera, eztabaidarako datua ere utzi zuen. Izan ere, berak erabili zuen harriarekin, eta denbora horretan, Goenatxo II.ak zeukan marka, 96 jasoldirekin. Atzo errezildarrak jasoaldi bat gehiago egin zuen, baina badirudi egun hartan Goenatxok erabili zuen harriaren eta atzo Aimarrek erabili zuenaren artean, 200 gramoko aldea zegoela, eta ikusi beharko da azkenean auzia nola ebazten den.

Atzoko apustuan Aimar gehiago izan zen, eta hasieratik bukaerara, gainera. Izeta izan zen lanean hasten lehena, eta zarauztarrak 33 aldiz berdindu zuen harria bizkar gainean. Bukaerarako nahikoa beteta antzematen zitzaion, eta horrek bati baino gehiagori gerorako zalantzak piztu zizkion.

Atzetik etorri zen Aimar Irigoien, eta errezildarrak lan bikaina egin zuen. Hamar minutu oso on bete zituen, eta bere aurkariak baino jasoaldi bat gehiago ematea lortu zuen. Txanda amaitu ere aurkariak baino freskoago amaitu zuen.

Bigarren txanda hasi aurretik nolabaiteko zalantzak zeuden Izeta gaztearen inguruan, baina oso lan polita egin zuen, eta aurrekoan baino hobeto aritu zen itxura utzi zuen. 30 jasoaldi lortu zituen, eta bere aurkariaren arabera geratu zen atzoko norgehiagoka.

Atzetik etorrita, berriz ere oso lan ona egin zuen Aimar Irigoienek. Hasieratik bukaerara oso erritmo ona eraman zuen, eta 31 jasoaldi lortu zituen. Hala, txanda bakar baten faltan, bi jasoaldiren aldea zegoen bien artean. Gauzak asko aldatu ezean, garbi zegoen garaipena nora joango zen, baina lanerako denbora asko zegoen, eta edozer gerta zitekeela uste zutenak ere asko ziren harmailetan.

Azkeneko txandan berriro ere lan polita egin zuen Izeta IV.ak, eta aurreko txandan lortutako emaitza berdindu egin zuen zarauztarrak. Harria 30 aldiz berdindu zuen bizkar gainean, eta itxarotea besterik ez zitzaion geratzen zarauztarrari.

Dena erabakitzeko Aimarren lana falta zen. Dena bere esku zeukan, eta hori ere bazekien. Garaipena lortzera joan zen, markaren kontua alde batera utzita, eta behin garaipena lortuko zuela ikusi zuenean joan zen markaren bila. Lana amaituta 32 jasoaldi lortu zituen errezildarrak. Guztira, Aimar Irigoienek 97 jasoaldi lortu zituen, eta Izeta IV.ak, berriz, 93. Beraz, hasiera batean, Irigoienek ondu du Goenatxoren marka, baina ikusi egin beharko da 200 gramoko alde horrekin zer gertatzen den.

Oso gustura

«Oso gustura nago egindakoarekin. Uste dut biok egin dugula lan ona, eta jendeak merezi zuen. Jende asko etorri da, eta merezi zuen gauzak ongi egitea», esan zuen Aimar Irigoienek. «Ongi hasi naiz, eta aldea lortu dut, eta amaierako txandara ziurtatzera joan naiz, helburua irabaztea baitzen», gaineratu zuen errezildarrak.

Izeta IV.a, aldiz, tristeago zegoen. «Jendeari barkamena eskatu nahi diot, ez baitut etxeko lanik egin. Han 100 jasoaldira gerturatzen nintzen, baina gaur ez naiz arrimatu», esan zuen zarauztar gazteak.

«Aurreneko txandan uste dut gehitxo egin dudala, pasatu egin naizela, eta gero nabaritu egin dut. Bestetik, neure buruarekin gustura ere banoa, sufritzen jakin izan dudalako. Gaur dudan guztia eman dut, ez neukan gehiago. Neukan guztia eman dut, eta horrekin ez daukat kexarik», erantsi zuen.