15 OCT. 2014 Pilota Lau eta Erdiko txapelketa Albisu: «Xala bi koska gorago dago» Ataundarrak beste partida on bat jokatzea jarri du helburutzat final zortzirenetan lehen aldiz sartu ostean. 2001etik ez zeuden lau gipuzkoar lehian hain goran Jon ORMAZABAL Astelehenean Beotibarren izandako emaitzekin, aspaldi gertatzen ez zena jazo da, 2001etik ez baitira lau pilotari gipuzkoar final zortzirenetan -Saralegi aurten final laurdenetan sartuko da lehian- izan. Orain 13 urte, Aspek eta Asegarcek bakoitzak bere aldetik egin zuen txapelketa finaleraino eta orduan 6 izan ziren 16 onenetan sartu zirenak; Alustiza, Imaz, Etxaniz, Otaegi, Unanue eta Koka. 2013an hiru gipuzkoar izan ziren, azken urteetako kopururik handiena eta oraingo lauretatik hiru berberak dira: Saralegi, Aritz Lasa eta Mikel Olaetxea -hirurek kanporaketa honetan esan zioten agur lehiaketari-. Bere ibilbideko lehen kaiolako kanporaketa gaindituta, Jon Ander Albisu ataundarra da aurtengo berrikuntza nagusia. Hala ere, bere mugez jakitun, aurrera egiteko izango dituen zailtasunen jabe da eta ez du helmuga zorrotzegirik jarri nahi hurrengo kanporaketarako, lehenengo partida irabaztea lortuta, helburuak lortutzat jotzen baititu. «Helburua partida on bat egitea zen, irabazi dugu eta hobeto, baina nire jokoa ondo egitea zen asmoa eta horrekin gustura. Ez dut ligaxkan sartzean pentsatzen, Xala bi edo hiru koska gorago dago. Aurrelaria izanda, gainera, abantailatxoa dauka eta nire helburua, lehen kanporaketan bezala, partida on bat egitea izango da, nire maila ematea eta, gauzak ondo irteten badira, ondo, eta bestela segi egin behar». Sakea oinarri Kaiolakoa behar bezala prestatzeko denbora askorik izan gabe, goierritarrak ondo daki ongi sakatzean egongo dela lapurtarraren aurka aukerak izateko giltza. Halere, Beroizen aurka beste baliabide batzuk ere badituela erakutsi zuen. «Errekurtso asko ez dut, dejada botatzen dakigu, hortik aurrera ezer gutxi. Baina egiten saiatu ginena ondo irten zitzaigun eta alde horretatik, gustura», azaldu zuen. Hala ere, aurrera begirako lezio bat ere ikasi zuen. «Partida hasieran ez nintzen jokaldirik egiten saiatzen, egin nituenak kontran egiten nituen, Beroizenei erantzunez, baina 17-17 ginela, Ekaitzek -Saralegi izan zuen botilero- esan dit saiatu beharra nuela, tantoak eutsiz bakarrik ez direla amaitzen eta ondo irten zen».