04 NOV. 2014 Fórmula Uno Erantzun barik Xabier ALZELAI Probetako ingeniaria Hamiltonek denboraldiko bere 10. garaipena eskuratu zuen, bere abantaila 24 puntura zabalduz. Brasilen gertatzen dena gertatuta, gidarien txapelketa Abu Dhabin erabakiko da Mercedeseko bi pilotuen artean. Hamiltonek Nigel Mansellen errekorra haustea lortu du, garaipen gehien lortutako pilotu britaniarraren titulua poltsikoratuz. Hamiltonek jarraian lortzen duen 5. sari nagusia da, eta badirudi egoera honek Rosbergen konfiantzan negatiboki eragiten duela. Igandeko lasterketan pilotu alemaniarraren erantzuna falta izan zen. Poletik irten arren, ez zuen lortu lasterketaren hasierako fasean erritmo gogor bat ezartzea, Hamiltonek aurreratu zuenera arte. AEBetako sari nagusiak galdera ikur bat baino gehiago irauli ditu mahai gainera. Caterham eta Marussia taldeek beraien operazioak bertan behera uztea baino beste irtenbiderik ez dute izan. Egoera hau ez da berria, 1 Formula etengabeko ezegonkortasun egoeran bizi izan da azken lau edo bost urteetan. Txapelketaren osasun falta neurtzeko, parrillan zehar banatutako pay-driver kopurua begiratu baino ez dago. Mota honetako txapelketa bat kaltegarria da kirolarentzat eta epe luzera txapelketaren heriotza suposa lezake. Talde bat baino gehiagok arazoak ditu hornitzaileen fakturak ordaintzeko eta soldatak epean abonatzeko. Gaur egungo 1 Formularen kirol eredua ez da epe luzera jasangarria, batez ere talde txikienentzat. Irabazkin komertzialen banaketan datza arazoa. Izan ere, egungo sistemak aurrekontu apaleko taldeak kaltetzen ditu. Dena den, nire ustez, hori ez da arrazoi bakarra. Arautegi berriaren sarrerarekin motorren kostua nabarmenki igo da. Kostu igoera hau guztiz aurresangarria zen, baina beharrezko erreakzioa falta izan da. Errealistak izanda, talde osasuntsu gehienentzat berandu da une honetan datorren urterako hirugarren kotxe bat planifikatzeko. Kirolaren arduradunek, eskubide komertzialen jabeek eta talde ordezkariek benetako erantzunak bilatu beharko dituzte datozen asteetan, datorren urtean 14 autoko parrilla ekidin nahi badute.