16 NOV. 2014 ZORROZTARRIA Simulakroa gura dut! Julen MURGOITIO Egunotan jakin da. Katalanek orain hainbat urte espaziora bidalitako ontziak zunda askatu eta, hara!, lurra hartu du aurreikusitako lekuan. Zehaztu dezagun albistea. Itxura batean katalanen espazio ontziak zeraman zundaren helburua gure behean den Estatuaren hiriburuan lurrartu eta laginak hartzea zen, Estatut aurrean Konstituzionalekoek zer jarrera hartuko zuten susmatzeko laginak hartu ere. Eta orain gertatu da lurrartzea, han lurra balitz sikiera! Eta ustez laginetan dabil zunda, baina jada alferrik! Hainbeste urte pasatuta ontzia espazioratu zutenetik gaurko laginen balizko informazioak ez du ezer berririk argitzeko balio, katalanentzat beheko hiriburuko espazio hori planetaren itzalaldean baitago, argi eta garbi. Zunda gizajoa, hainbeste buelta eman zezen-larruari eta azkenean lurra hartzera animatu denean, kostata, hara!, zementua baino ez eta, hala ere, laginetan saiatu, aspaldian programatutako aginduei jarraituz, alferrik! Antza, egun batzuk pasatuta ezereztu egingo da, suntsitu, huts bihurtu, berez, programakoa programako. Eta historiara pasatuko da, katalanez idazten ari den historia garaikidera. Izan ere, katalanak gaur espazio berri bateko orbita batean ari dira, ari, zaharreko laginen beharrik gabe. Bitartean, espazio zaharreko horiek alper-harria abian jarri dute, beste behin ere, euren lege zer horiek eta guzti, baina alferrik! Alper-harria ez dago pentsatuta aldapan gora egiteko. Gero eta mugatuagoa dute espazioa eta gero eta ustelagoa orbita! Amen. Gaiaz zeharo aldatuta, eta gurean lurra hartuta, ozen diot, ahalik eta ozenen esan ere: simulakroa gura dut! Gaur gaueko amets arteko esnaldietan burkoarekin kontsultatu ondoren, erabaki batean altxatu, leihoa parez pare zabaldu eta herriko batzokia den lekurantz begira oihu egin dut: simulakroa gura dut, demontre! Hori bai, benetakoa, simulakrotan asko eta askotarikoak baitira. Hara!, kasurako, Lakuako maizterra beheko betiko hiriburu hartatik bizkar-zorroa ezetzez beteta etorri zenekoan jelkideek egin zuten simulakro itxurako hura. Zerikusirik ez pasa den igandean gure ekialdean izanarekin! Hemengoa fikzioa zen, hangoa benetakoa. 2015eko egutegietako argazkietan muskulua ateratzea baino eraginkorragoa da muskuluak benetako simulakroetan jartzea. Horixe, eragin.