01 DIC. 2014 Harri-jasotzea Aimar Irigoienek marka ahalegina egingo du Manterola Harriarekin J.L. Aimar Irigoien marka handi bat egiteko prestatzen ari da. Abenduaren 21ean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan arituko da. 150 kiloko Manterola Harria erabiliko du, zilindro zaharra, eta hamar minutuko hiru txanda izango ditu lanean aritzeko. Bere garaian harri honekin 100 jasoaldi egitea lortu zuen Manterolak, eta 1987. urtean Joxeantonio Gisasola Zelaik 122 jasoaldi lortu zituen. Orain hori apurtzeko helburuarekin jardungo da harri-jasotzaile errezildarra. Bere garaian, gainera, Manterolak apustu bat jokatu eta hiru hilabeteren barruan egin zuen, antza, marka hau, eta Aimarrek ere baldintza horiek beteko ditu. Urrian jokatu zuen Irigoienek apustua Izeta IV.aren aurka, eta orduan 152 kiloko kubikoari 97 jasoaldi eman eta marka ere ezarri zuen. Saio hura ere hamar minutuko hiru txandatara jokatu zen, eta marka ahalegin hau ere horrelaxe egingo du. Ikusmin handia piztuko duen lana izango da. Marka bera ikaragarria da, eta lana gogor egin beharko du helburua erdiesteko. Zelaik egindakoa oso handia da, eta Irigoienek hori gainditzen baldin badu, ikaragarria izango da, baina ahalegin horrekin joango da.