GARA Euskal Herriko egunkaria
ITSASOA

Amaitu da 2014ko WWCT itzulia: Seigarren aldiz Stephanie Gilmorek irabazi du nesken titulu mundiala

Hawaiin amaitu berri da nesken munduko itzulia. Carissa Moore gazte hawaiiarrak irabazi du Mauin egin den WWCT zirkuituko azken txapelketa, baina titulu mundiala, seigarren aldiz, Stephanie Gilmore australiarrak irabazi du. Bigarren postuan Tyler Wright geratu da.


Munduko nesken zirkuitua osatzen duten WWCT (Women's World Championship Tour) itzuliko hamar txapelketak amaitu dira.

Aurtengoan lehia zinez gogorra izan da, izan ere, rankingeko lehen lau lehiakideen artean sekulako borroka egon da, azkenera arte oso parekatuak izan dira, gainontzeko lehiakideengandik urrun, eta azkenean, seigarren aldiz, Stephanie Gilmore australiarra gailendu da.

Lau onenak

Esan bezala, 2014ko nesken munduko titulua Stephanie Gilmorek eskuratu du. WWCT rankingean bigarren postua, Tyler Wright australiarrarentzat izan da. Hirugarren postuan, Carissa Moore, aurten ere, iaz bezala, munduko txapela eskuratzeko aukera anitz zuen lehiakidea. Eta laugarren postuan Sally Fitzgibbons, australiarra hau ere.

Oso esanguratsua izan da lehen postuak eskuratu dituzten lau lehiakideen eta gainontzeko lehiakideen artean izan den aldea, tarte handia izan da. Carissa Moore eta Stephanie Gilmorek hiruna txapelketa irabazi dituzte 2014an, eta Tyler Wright eta Sally Fitzgibbonsek berriz, bina txapelketa irabazi dituzte. Puntuetan oso berdinduta egon dira sasoiak iraun duen artean, eta bazirudien lehia lau lehiakideen artekoa baino ez zela.

Stephanie Gilmore australiarrak 26 urte ditu, baina lehiakide beteranoa da. Aurtengoarekin, munduko titulua sei bider eskuratu du; 2007, 2008, 2009, 2010, 2012 eta 2014. urteetan.

Bigarren postua eskuratu duen lehiakidea, Tyler Wright, gaztea da, hogei urte ditu eta orain artean emaitza onak egin baditu ere, aurtengoa izan da WWCT rankingean lortu duen emaitza onena.

Carissa Moore, berriz, 22 urteko surflari hawaiiarra da eta bi bider izan da munduko txapelduna (2001. eta 2013. urteetan). Aurten WWCT itzulian egin duen emaitza txarrena Fijikoa izan da, eta bosgarren postuan geratu zen bertan; horrenbestez punta-puntan aritu dela esan daiteke.

Sally Fitzgibbons ere australiarra da eta egun 24 urte ditu. Oraindik ez du munduko titulurik eskuratu, baina aurten lortzen ari den emaitzei erreparatuz gero, eta daukan potentziala ikusita 2014ko koroa irabazteko aukera asko ditu. Carissa Moorek bezala, aurtengoan izan duen emaitzarik txarrena bosgarren postu bat izan da, beraz bikain aritu da.

Itzuliko azken lehiaketa Mauin izan zen, pasa den astean, eta irabazlea Carissa Moore izan zen. Stephanie Gilmorek ez zuen final-laurdenetatik pasatzea lortu, baina eskuratutako puntuei esker WWCT ranking orokorrean lehen postua irabaztea lortu zuen.

Maui Target Pro 2014

Final-laurdenetara pasatzea lortu ez zuenez, urduri zen Gilmore. Hortik aurrera ez zegoen gehiago bere esku munduko titulua irabazteko aukera. Gilmore kaleratuta, beraz, protagonismoa Tyler Wright lehiakideak hartu zuen, izan ere, txapelketa irabaztea lortu izan balu munduko titulua ere eskuratuko zukeen; baina ez zen horrela izan. Wright bigarren postuan geratu zen Mauin, eta horrela, munduko ASP titulua Stephanie Gilmorerentzat izan zen.

Carissa Moorek etxean jokatzen zuen, bikain ezagutzen duen urautsi batean eta urertzean sostengua ematen zeuden ikusleei eta animoak ematera gerturatu ziren bere sendiko kideei ezin hobeto eskertu zien Moorek jasotako babesa.

«Dudarik gabe, hau da izan dudan garaipen kuttunenetako bat», esan zuen Carissak uretatik atera ostean, eta zera gaineratu zuen, «Nik itzuliko azken txapelketa honetan, nire etxean, gozatu nahi nuen, eta familia guztiaren aurrean halako emaitza bat lortzeak asko esan nahi du niretzat, sentimendu oso berezia da».

Ez zituen bere arerioak ahaztu Carissak, eta haientzako ere zorion mezua igorri zuen: «Tyler bikain aritu da eta Stephanieri ere nire zorion beroenak eman nahi dizkiot. Inoiz baino inspiratuago nago aurtengo itzuli honen ostean. Lehiakide guztiek elkarri bultzatu diogu eta bikain aritu gara».

Gilmorek aurtengo zirkuituko azken txanda nola bizi izan zuen kontatu zuen. Finalean gertatzen zenaren arabera Tyler Wright edo Gilmore bera izan zitezkeen munduko txapeldun: «Tyler nola dabilen ikusita, nire burua titulu mundiala galtzeko prestatzen hasi nintzen final-laurdenetan kaleratua izan ostean. Carissa edozertarako gai dela ere badakit, ordea, eta esperantza banuen eta azkenean horrela izan da. Oso hunkitua nago momentu honetan. Aurtengoa inoiz irabazi dudan titulu zailena izan da».

Datorren urterako

Aurtengo itzulia amaituta, izan da zoritxarreko albisterik ere. Pauline Ado hendaiarra esaterako, hamalaugarren geratu da WWCT rankingean, beraz datorren urtean lehen mailan egoteko aukera galdu du. WWQS ranking orokorrean hamaikagarren geratu da, baina ez da aski izan datorren urterako lehen mailako postua eskuratzeko.

2014ko WWQS rankinga Silvana Lima brasildarrak eskuratu du eta bera bezala lehen postuak eskuratu dituzten lehiakideek, WWCT rankingean azken postuetan geratu diren lehiakideen postuak hartuko dituzte hurrengo urtean.

Alegia, lehen mailan (WWCT) dauden hamasei lehiakideen artean puntu gutxien bildu dituztenek postua galduko dute, eta aldiz, bigaren mailan (WWQS) rankingeko lehen postuetan direnek hurrengo urtean lehen mailan lehiatu ahal izango dute, TOP 16 lehiakideekin.