13 DIC. 2014 sokatira Ibarran emango zaio amaiera Lauko Euskal Herriko Txapelketari J.L. Ibarrako pilotalekuan amaituko da gaur Lauko Euskal Herriko Txapelketa. 18.00etan hasita jokatuko da azkeneko ekinaldia. Bertan, mutilen 300eko finala jokatuko da, eta nesken 260ko azkeneko saioa ere izango da. Mutiletan aurreko bi jardunaldietan aritu diren sei talderik onenak neurtuko dira: Ibarra, Ñapurrak, Baigorri, Sokarrola B, Iparralde eta Urruña. Orain arte egindakoak ez du batere balio; beraz, gaur ikusi beharko da zein den onena, dena jardunaldi batean erabakiko baita, eta finalak beti izaten dira bereziak. Ibarra etxean arituko da eta beraiek aterako dira txapela lortzeko faborito. Lehen fasea ere oso ona egin dute, eta zaleen babesean ez dute hutsik egin nahi. Hala ere, Baigorri eta Ñapurrak ere oso kontuan hartu beharrekoak dira. Hiru horiek dira, adituen ustez, txapelaren lehian aritu beharko luketen taldeak, baina ezin dira besteak bazterrean utzi. Maila honetan Bizkaiak eta Lapurdik izango dute finaleko ordezkaritzarik handiena, bina talde izango baitute. Nafarroa Behereak eta Gipuzkoak, aldiz, ordezkaritza bana izango dute. Talde handiak dira, eta sokatira maite duenak gozatzeko moduko eguna izango da, tiraldi handiak espero baitira, denak ere maila ikaragarria duten taldeak direlako. Neskak Nesketan, berriz, gauzak bideratuta daude, ligaxka erara jokatu baita maila honetan, eta badirudi gauzak oso gaizki egin ezean, txapela Ibarrak jantziko duela. Ibarra, Gaztedi A, Badaiotz, Gaztedi B eta Bizindar lehiatuko dira. Une honetan Ibarrak bi puntu kentzen dizkio Gaztedi A taldeari, eta gipuzkoarrek gaur gauzak oso gaizki egin beharko lituzkete. Izan ere, horretarako laugarren geratu beharko luke gaur, eta Gaztedik saioa irabazi, edo bestela hirugarren amaitu, eta bizkaitarrekin kitarakoa jokatu. Orain arte ikusitakoaren arabera, ez dirudi horrelako ezusterik gertatuko denik. Hirugarren posturako ere borroka handia espero da, izan ere, oso parean daude Gaztedi B eta Badaiotz. Gaurkoarekin erabakiko da zeinek lortuko duen brontzezko domina. Garbi dagoena azkeneko postua da, gertatzen dena gertatuta ere, hortik ez baita aterako Bizindar taldea.